ARGIA.eus

2021eko irailaren 28a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.
2021-07-21 09:49

Eusko Jaurlaritzak, 2021eko martxoaren 16ko Gobernu Kontseiluaren bileran, Teknologia Berrien, Kirolaren eta Osasunaren EUNEIZ unibertsitate pribatua sortzeko lege-proiektua onartu zuen.  Haren inguruan Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean izandako agerraldietan ugariak izan dira egitasmoa kritikatu duten ahotsak, tartean EHUko errektorearena berarena eta Unibertsitateko sindikatu gehienena ere.

Lege-proiektuaren tramitazioak, ordea,  aurrera jarraitzen du eta, dagoeneko ikasturte berrian sartuta seguruenik, Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak eztabaidatu eta bozkatu beharko du lege-proiektua, bidea emateko, edo ez, Unibertsitate pribatu honen sorrerari.

Honen aurrean, proiektuak Euskal Unibertsitate Sisteman oro har eta gure Unibertsitate Publikoan, bereziki, izan dezaken eraginarekin kezkatuta, EHUko langileon ordezkari garen LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta CGT/LKN sindikatuok, eta ikasleen ordezkari diren Ikasle Kontseiluak eta ERNAI gazte erakundeak EHUko Gobernu Kontseiluari adierazi nahi diogu gure erabateko desadostasuna egitasmoarekin. Eta baita EHUren zuzendaritzari eskatu ere instituzio gisa eskura dituen tresnak, baliabideak eta eragite moduak erabiltzea lege-proiektuak ez dezan aurrera egin.

Izan ere, EHUren gehiengo soziala ordezkatzen dugun sindikatuok eta ikasle erakundeok uste baitugu lege-proiektu hau mugarri izan daitekeela Euskal Unibertsitate Sistemaren bilakaeran, haren pribatizazioaren eta merkantilizazioaren ildoan eta Unibertsitate ikasketa eta ikerkuntzaren zerbitzu publikoko izaeraren kaltetan. Izan ere:

1) Teknologia Berrien, Kirolaren eta Osasunaren EUNEIZ unibertsitate pribatua, irabazi asmoa duen Unibertsitate bezala sortzea du helburu lege proiektuak, izaera horretako lehen Unibertsitatea gure Erkidegoan. Beraz, ez dakar, bakarrik, Euskal Unibertsitate Sistemaren pribatizazioaren areagotzea, baizik eta haren erabateko merkantzia bihurtzea ere, elite bati zuzenduta, irabazien eta errentagarritasunaren menpe jarriz unibertsitate ikasketak.

2) EUNEIZ unibertsitate pribatua sortzeko lege proiektua ez dator bat Euskadi Unibertsitate Sistema araupetzen duen legedian ezarritako printzipio eta irizpideekin.

Zehazki, 274/2017 Dekretuak bere 2. artikuluan dio Euskal Unibertsitate Sistemaren titulu ofizialen eskaintza jasangarria eta harmonikoa izan behar dela eta, beraz, eskaintzan ezin direla justifikatu gabeko errepikapenak egon, titulazioei dagokienez gizartean dagoen eskaria aintzat hartu behar dela eta eskaintzaren kalitatea lehenetsi behar dela irizpide ororen gainetik.

Bada ezaguna den bezala, EUNEIZ proiektuak parte handi batean behintzat, errepikatu egiten du jada gure Erkidegoan ematen den eskaintza, haren zabaltzea justifikatzen duen eskari jakinik gabe.

EUNEIZ Unibertsitatea sortzeko lege-proiektuak, halaber, ez dio ezta ere inongo kalitate irizpideri erreparatzen. Ez da ezagutzen nola osatuko den klaustroa, ez irakasle-ikertzaileen artean Espainiako Unibertsitate Sistemaren Legeak agintzen duen gutxieneko doktore tituludunak izango dituen ezta zein baldintzatan kontratatuak izango diren ere. Ez da, ezta ere, AZP plantillaren inguruko inongo aurreikuspenik egiten.

Hartara EUNEIZ unibertsitate pribatuaren proiektua, Unibertsitateko enpleguaren prekarizazioa bultzatzeko ate irekia ere izan daiteke.

3) EUNEIZ unibertsitate pribatua sortzeko lege-proiektuak ez du zehazten euskarari emango dion tratamendua ikasketetan. EUNEIZ, hartara, oso atzera pausu kaltegarria izan daiteke euskararentzat, oro har, eta Unibertsitatearen euskalduntze prozesuarentzat, zehazki.

4) Eta horrekin guztiarekin ere, EUNEIZ proiektuari diru laguntza publiko ugari emateko aukerak zabaldu zaizkio parez pare. Hasteko, tokiko erakundeek milioi bat euroko diru laguntza zehatzak agindu dizkiote eta, Eusko Jaurlaritzak, halaber, Next Generation Europar Fondoak jasotzeko proiektuen zerrenda barruan kokatu du, 64 milioiko inbertsio baten egitasmoarekin, EHUrentzat eskatutakoak erdira ere heltzen ez direnean.

Bien bitartean, EHUk, finantzabide eskasiari aurre egiten jarraitu beharko dio, urtetik urtera Gobernu Kontseilu honetan salatzen ari garen bezala. Horren adibide da, besteak beste, Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria eraikitzeko bere aurrekontu propioetatik 7 milio euro jartzeko egin zaion eskakizuna.

Honegatik guztiagatik aipatu EHUko sindikatu eta ikasleen ordezkariok salatzen dugu Teknologia Berrien, Kirolaren eta Osasunaren EUNEIZ unibertsitate pribatua sortzeko lege-proiektua eta eskatzen diogu halaber Gobernu Kontseilu honi eta EHUren zuzendaritzari ere, irmotasun eta inplikazio handiagoa gure Unibertsitatearen eta haren izaera publikoaren defentsan eta indartzean.

 

Bilbon, 2021eko uztailaren 20an

 

LAB, STEILAS, CC.OO., ELA, CGT/LKN, EHUko Ikasle Kontseilua, ERNAI

The post EUNEIZ: irabazi asmoa duen Unibertsitate pribatuari babes eta diru publikorik ez appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.