2025-10-14 08:19

Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemak duen arazo larrienetako bat da eskola segregazioa. Urteak daramatzagu Steilas sindikatutik egoera hau salatzen, baina Hezkuntza Sailak luzaroan ukatu du errealitatea. Bildarratz sailburuak 2021era arte eufemismoen atzean ezkutatu zuen segregazioa; 2022an, lehen aldiz, publikoki onartu zuen, baina ordutik hona ez da ausardiarik izan benetako neurriak hartzeko. Orain, Pedrosa sailburuak segregazioaren aurkako «mahai» bat abiatu du, baina, gure ustez, propaganda hutsa da: edukirik gabea, eta kontrako norabidean doazen politikak estaltzeko aitzakia.

Begoña Pedrosaren Sailak, Hezkuntza legea baliatuz, sistema duala betikotu nahi du. Sistema duala, non eskola publikoa eta ikastetxe itunduak dauden, izatez, segregatzailea da. Eta bitartean, Hezkuntzako Sailak babesten duen sistema dualak berak sortzen duen segregazioari aurre egiten diola eszenifikatu nahi du, arazoa errotik konpondu gabe eta gizartea osoari iruzur eginez.

Aldebakarreko neurriak, kontrako norabidean.

Hezkuntza Lege berriak «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa» sortu du, sare pribatua publikoaren pare jarriz eta desoreka historikoak are gehiago betikotuz. Azken urteetan Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartu dituen erabakiak argiak dira: ratioen jaitsiera gelak ituntzeko, bi urteko gelak ituntzea, zaurgarrien banaketa artifiziala, gain-eskaintzaren aurkako neurri ezak… Aldi berean, itundutako ikastetxeek finantzaketa handitu dute −%16ko igoera 2024ko aurrekontu legea aldatuta barne− inolako kontrol mekanismorik gabe.

Bitartean, sare publikoa ahultzen jarraitu nahi izan dute: ez da behar bezala finantzatzen eta BPGaren%6tik oso urrun gaude. Gainera, jaiotza-tasa jaisten den bitartean, Hezkuntza Sailak fusioak baliatu ditu ikaspostu publikoak suntsitzeko, beti itundutako sareari mesede eginez.

Mahai antzua, ausardiarik gabe.

Segregazioaren aurkako mahaia ez da benetako akordio sozial eta politikorako tresna. Helburua ez da arazoa konpontzea, baizik eta aurpegia garbitzea.

Oinarri gisa, Hezkuntza Sailak EAEko segregazioaren diagnostikoa eta honi eman beharreko erantzunak jasotzen dituen txosten bat jarri du mahai gainean. Euskal hezkuntza-sistema bi sare bereizitan egituratzea, sare publikoa eta itunpeko sarea, egungo segregazio-egoera azaltzen duen faktorea izan arren, txostenak ez du horri buruzko aipamenik egiten. Planifikazioa, gain-eskaintza edo kuoten kobrantzak ere ez ditu aintzat hartzen. Pedrosa sailburuak esandakoa ezeztatuz, matrikula bizia segregazio maila zuzentzeko tresna ez dela jasotzen du.

Diagnostikoak, azken 3 urte hauetan hartu diren neurriek desberdintasun-indizea, EAEn, 0, 47tik 0, 42ra jaitsi dela jasotzen du. Hau da, 2 urteko ikasleen%42a mugitu beharko litzateke indize hau 0 izateko. Honek erakusten du 3 urte hauetan hartu diren neurriak ez dutela ezertarako balio izan, are gehiago, onarpen aginduak jasotzen duen bezala, zaurgarrien banaketa%10era mugatzen bada.

Segregazioaren aurrean hartu beharreko neurriak, batez ere, orain arte daudenekin jarraitzea da. Gain-eskaintzaren kasuan eskariari eskaintza deitzea; zaurgarrien banaketan plazen erreserbekin jarraitzea; planifikazioan neurriak hartzea, ikastetxe publikoen fusioak barne; zaurgarriak itunpeko ikastetxera joan daitezen garraio eta jangela-laguntzak bermatzea, gertutasuneko eskolatzearen justu kontrakoa; edo kuota ez-justifikatuen kobrantza kontrolatzea.

Diagnosia bere osotasunean ez da zuzena, 3 urte hauetan harturiko neurriek eman duten emaitzekin oso konformista da eta segregazioa zuzentzeko neurriak orain dauden berdinak dira. Hau da, ezarritako dinamika ez da gardena, eta erabakiak aurrez hartuta datoz. Gaur egun martxan dauden neurriak ez dira inklusioaren aldekoak, kontrakoa baizik: hezkuntza sistema zatitzen jarraitzen dute, sare pribatuari lehentasuna emanez eta interes partikularrak kolektiboen gainetik jarriz.

Steilasen proposamenak: errotik hartu beharreko neurriak.

Eskola segregazioa gainditzeko ezinbestekoa da egiturazko aldaketak egitea, eta horretarako ausardia politikoa behar da. Steilasen argi daukagu Hezkuntza sistema duala gainditu eta sare publikoa bakarra bihurtu behar da. Sare publikoa handituz eta indartuz, patronalen interes partikularren gainetik itunpeko eredua desagerrarazi eta ikastetxe horiek sare publikoan integratzeko bide juridikoak ireki behar dira, langileen lanpostuak eta baldintzak bermatuz; Familien aukeraketa eskubidea ezin da gizarte kohesioaren eta aukera berdintasunaren gainetik jarri. Eskubide kolektiboak nagusitu behar dira; hurbiltasun errealeko eskolatzea sustatu behar da, garraiatutako ikasleak murriztuz, ekologikoki iraunkorra den hezkuntza lortu arte eta ingurumen-aztarna ahalik eta gehien murriztu arte; 0-3 etapa doakoa izan behar da, eta hezkuntza publikoaren mapanegon behar da txertatuta, ibilbide osoa bermatuz; Hezkuntza publikoa propioa, euskalduna, laikoa eta feminista izan behar da inklusioa bermatzeko ezinbesteko baldintzak baitira. Murgiltze eredua hedatuz, erlijioa geletatik kanporatuz eta feminismoa indartuz; Matrikulazio bulego bakarra behar da, onarpen prozesu gardenak bermatzeko; Hezkuntza merkatuaren logikatik atera behar da; interes eta negozio partikularretatik aldenduz; Gaineskaintzarekin amaitu behar da, eta eskaintza osoa planifikazio publikoaren bidez antolatu; Jantokiak eta eskolaz kanpoko ekintzak doakoak izateko urratsak eman behar dira, aukera berdintasuna bermatzeko; Eskolak demokratikoak izan behar dira, eredu gerentzialetik aldenduz, tokian tokiko errealitateei erantzuteko, eta, azkenik, beharrezkoa da programa-kontratuak ezabatzea, konplexutasun handiko ikastetxeei baliabideak zuzenean emanez, lehia eta proiektu burokratikoen menpe jarri gabe.

Ondorioa.

Mahai antzuak ez dira irtenbidea. Ez dira nahikoa eufemismoak, ezta aurpegi garbiketa saiakerak ere. Eskola segregazioari aurre egiteko benetako borondate eta ausardi politikoa behar da, eta horrek esan nahi du sistema duala gainditu eta sare publiko bakarra eraikitzea. Horixe da ikasle guztien aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa bermatzeko bide bakarra.

Horretarako, beste behin Steilasetik ausardia politikoa eskatzen dugu, gizartea engainatzen ez ibiltzeko.

The post Eskola segregazioa: mahai antzuak baino, ausardi politikoa behar da. Hezkuntza publikoa eta bakarra! appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.