Azken hilabeteetan ikusi dugun moduan, Palestinan egoerak okerrera besterik ez du egin, bai Israelek baita bere aliatu diren AEBk ere, euren plan genozidak mahai-gaineratu dituzte. Honen helburua Palestinako herri osoaren desagerpena da, inongo salbuespenik gabe. Plan honek luze darama martxan, baina azken 2 urteetan hau aurrera eramateko konplexu denak galdu dituzte, mundu osoaren isiltasunaren aurrean. Hori gutxi balitz, milaka izan dira bonben azpian erail, erre eta gosez akabatzen ari diren haurrak. Gure haurrak ere badira ekimenetik ezin dugu isilik egon egoera honen aurrean, hiltzen ari direnak gure anai-arrebatzat eta gure haurtzat hartzen ditugu eta.
Euskal Herriko hezkuntza komunitateari beste keinu bat eskatu nahi dizuegu. Oraingo honetan mundu osotik martxan jarri den ekimenera gehitu egin nahi dugu. Izan ere, Palestinako gure arrebek eta GURE HAURREK etsitzen ez badute, nola egingo dugu ba guk?
Kurtso bukaera honetarako ekimena:
1. IKASGELETAN FALTAN DITUGUN GURE HAUR HORIEI: GOGOAN ZAITUZTEGU!
Planteatu ohi ditugun ekimen guztiak bezala, ekimen hau erraz eta egingarria izango da. Euskal Herriari, munduari eta batez ere, gure arreba- anaiei heldu behar zaien elkartasun irudi indartsu bat sortu nahi dugu.
ZER?
Irudian ikusiko duzuen bezala, ikastetxe guztietako ikasgela huts bateko mahaietan erail dituzten ume palestinarren omenez, lore bana jarriko dugu eta arbelan, ikur palestinarra.
Ekimen hau egiteko era ezberdinak dituzue: loreak jarri eta argazkia atera, bideo bat egitea ikasgeletako umeak banan-banan loreak mahaietan jarriz, ume bakoitza lore bat eskuetan duela argazkia ateratzea… denak balio digu, elkartasun keinua baita garrantzitsuena beste behin! Loreak eros ditzakezue, parkean jaso, edota ikasleek paperez egin ditzakete.
Ekimen xume hau, nahi duzuen beste ekintzarekin lagunduta joan daitezke: kontzentrazioak, agurra dantzak, txalapartak… Beti bezala, ikastetxe bakoitzak imajinazioz, maitasunez eta elkartasunez nahi duen bezala egin dezake.
NOIZ?
Komunikazio hau jasotzen duzuen momentutik egin dezakezue. Ekainaren 20ra arte jasoko ditugu mezuak.
BIDALKETA ETA HEDAPENA:
Ikastetxe bakoitzeko irudi horren argazkia gurehaurrak@gmail.com helbidera bidaltzeko eskatzen dizuegu. Argazkiari ikastetxearen izena eta herria gehitu beharko zaizkie.
ETA GERO?
– Irudi guztiak bildu eta saretuko ditugu. Komunikabideetara ere bidaliko ditugu. Baita ere EAEren eta Nafarroako gobernuen hezkuntza eta justizia sailetara ere.
– Zuek, ikastetxe bakoitzaren komunitateek, irudiak zuen aretan zabalduko ditzakezue; ikastetxeetako aldizkarietan, tokiko komunikabideetara bidaliz, WhattsApp taldeetan… Horretarako testu txiki bat erraztuko dizuegu.
2. EKAINAREN 15EAN RAFAH-RA MARTXA INTERNAZIONALA.
Ekainaren 15ean Rafah-ra martxa internazionala burutuko da, mundu osotik joandako milaka pertsona blokeoa apurtzen saiatuko direlarik.
Data hori baliatuta, ostegun horretan, ekainak 12, Gasteizen Martxa bat egingo dugu, 17:00etan hasita, Bastida Plazatik, Plaza Berrira. Amaieran 18:30ean, ekitaldia egingo dugu Plaza Berrian bertan.
Gure haurrak ere badirelako, jarrai dezala elkartasun uholdeak!
Genozidioa gelditu!
The post Ekimena ikastetxeetan: Gure haurrak ere badira appeared first on Steilas.