Unibertsitatez kanpoko irakasleen akordio arautzailearen negoziazioa 2020ko udazkenean hasi zen; beraz, bost ikasturte luze behar izan dira honaino iristeko. Bide luze horretan mugarri asko izan dira: Itundutako sare pribatua eta Eskola Publikoa parekatu nahi dituen Hezkuntza Legea, Arantzazuko akordioa eta geroko 2024ko Aurrekontuaren Legearen aldaketa 67 milioi euro itunpeko sare pribatura bideratzeko, funtzio publikoaren aldeko mobilizazioak, eta abar.
Behin eta berriro saiatu da, batasun sindikalaren aterkipean, hezkuntza publikoko langileen lan-baldintzen aldeko mobilizazioak abiarazten, baina nabarmenak izan dira zailtasunak, beti jarri izan baitute beste sindikatuek bestelako lehentasunen bat gure borroka honen gainetik. Azkenik, ikasturte honetan, lortu dugu batasun sindikala eta horrek arrakasta izan duenik ezin ukatu. Babes historikoa eman digute langileek eta grebak inoizko jendetsuenak izan dira. Sindikatuarentzat, batasun sindikala borrokarako ezinbesteko tresna da, horrek langileen arteko kohesioa bermatzen duelako eta hala, ikastetxeetako giroa ere zaintzen delako. Sinaduren orduan ere, irizpide politiko garbia dugu: ez dugu akordiorik gutxiengoan sinatuko inoiz. Nahiz eta STEILAS sindikatua sektore honetan lehen indarra izan, beti egin dugu gehiengo sindikalaren alde eta zubiak eraikitzen lan egin dugu tinko, sinatu beharreko akordioek sindikatuen gehiengoaren sinadura izan dezaten.
Hezkuntza Sailaren jarrerari erreparatuz gero, azken urte hauetako prozesu guzti honetan, nabarmendu behar da beraiek aldebakarrez atzerapausoak inposatzen ibili direla batean eta bestean; horren aurka, ordea, tinko mantendu gara lanean. Horren ondorioz, 2018an eta 2022an akordio partzialak sinatu genituen, besteak beste. Mahai negoziatzaile ugari izan ditugun arren prozesu honetan guztian, azken greba dinamika sendoa martxan jarri arte, Hezkuntza Sailak ez du apenas edukirik ipini proposamenetan. Horrenbestez, etorkizunera begira, garbi izan behar dugu, esfortzu handia eskatzen badu ere, greba dela borroka tresna eraginkorrena eta emaitza onak dakartzala berekin.
Horrez gain, mobilizazio hauek guztiak martxan zeuden bitartean, Hezkuntza Sailaren jarrera fede txarrekoa izan dela salatu nahi dugu; batetik, negoziazioa luze blokeatu izan duelako eta bestetik, presaz eta azken momentuan gu presionatu nahian aritu delako. Era berean, sindikatuon aldarrikapenak gutxietsi nahi izan ditu, gure helburu bakarra soldata izan dela behin eta berriz azpimarratu baitu. Erosahalmena guretzat oraingoan aldarrikapen politikoa izan da. Hezkuntza Legea eta Arantzazuko akordioaren ondorioz itunpekoak izandako soldata ekiparazioa apurtu nahi izan dugu. Hori horrela, eta akordioak argi islatzen duen moduan, beste aldarrikapen asko ere borrokatu ditugu irakasle eta Euskal Eskola Publikorako: lan-zama arintzeko neurriak, erretiroa hartzeko hobekuntzak, baliabideak, desburokratizazio plana, euskara, lan-osasuna eta abar. Hezkuntza Sailaren beste estrategia sindikatuen arteko desadostasunak bilatzea izan da, hala gu denok akordiotik urruntzeko behin eta berriro.
Kontuak kontu, irakasleek erakutsitako borrokarako gaitasunari esker eta negoziaketa luze eta gogor baten ondoren, sindikatuen %80tik gorako babesa duen akordioa lortu dugu. Jakitun gara akordioak bere argi-ilunak dituela, baina agerikoa da baita gure lan baldintzak modu esanguratsuan hobetzen dituela. Aldi berean, Euskal Eskola Publikoari bere erreferentzialtasuna itzultzen dio, hein handi batean. Gure borroka ez da, ordea, hemen amaitzen, jarraituko dugu Euskal Eskola Publikoak dituen beste hainbat erronkei eta arazoei konponbideak bilatzen; hala nola, jarraituko dugu Euskal Eskola Publikoaren aldeko matrikulazioan eragiten edota eskola-segregazioa salatzen eta berau saihesteko proposamenak egiten. Aukera berdintasuna, euskalduntzea eta kohesio soziala bermatuko duen hezkuntza sistema lortzeko Hezkuntza Sistema Publiko bakarra ezinbestekoa baita! STEILASek tinko jarraituko du horren alde borrokatzen!
Gora Euskal Eskola Publikoa!
Gora Euskal Eskola Publikoko langileak!
The post EAEko unibertsitatez kanpoko irakasleen akordioaren balorazioa appeared first on Steilas.