2025-12-09 11:24

1. Sarrera

Azken hamarkadan digitalizazioa filtrorik gabe txertatu da hezkuntzan. Horregatik, hezkuntza komunitateak digitalizazioaren inguruko hausnarketa sakon eta parte hartzailea behar du: zer den, zertarako, non erabili, noiz eta abar.

Abiapuntu gisa, garrantzitsuak dira ondorengo bi ideiak:

  • Gakoa ez litzateke teknologia debekatzea, hura didaktikaren esparruan ondo erabiltzen ikastea baizik. Gaitasun digitalaren garapena ez datza gailu ezberdinak sartzean edo liburu digitalak paperezkoa ordezkatzean.

  • Baliabide berriek ez dituzte aurrekoak ordezkatzen, hezitzaile gisa gure tresna-kutxa aberasten baizik.

Metodologia eta eduki pedagogikoak digitalizazioan oinarritu dira. Are gehiago, ondorengo ideia dikotomikoa hedatu da:

  • Berria, digitala = ona

  • Betikoa, analogikoa = txarra.

Honen aurrean, digitalizazio eta irakaskuntzaren arteko oreka mantendu behar dela uste dugu, paperaren erabilera, irakurketa eta idazketa zokoratu gabe. Izan ere, aplikazio bitartez ikasterakoan, erronka bitartez ala lehiaz, irakasle figurak garrantzia galtzen du, baita berdinen arteko harremanak ere. Elkarlan eta errealitaterekin kontaktu ezak indibidualismora garamatza.

Bizi garen teknofeudalismoan*, herri aplikazio propioen beharra dugu, ahalduntzea ahalbidetuko dutena, dependentzia teknologikoarekin bukatzeko norabidean. Aro bat irekitzen ari da, eta ikuspuntu kritikoa zabaltzen ari da.

*Giannis Varoufakisen hitzetan (Berria, 2024-06-08): “Produkzio molde berria non merkataritza harremanak plataforma digitalen baitan gertatzen diren, plataforma hauek merkatuaren kontrol osoa izanik”.

2. Digitalizazioa hezkuntzan: kontuan izateko arriskuak

Zer gertatzen da EAEko ikasgeletan Hezkuntza Sailaren onespenarekin?

Eusko Jaurlaritzaren politika akritikoa da, teknologien kudeaketari dagokionez. Jarrera honek ez du mugarik, eta menpekotasun horretatik abiatuta, hurrengo erabakiak iragarri zituen 2020an Eusko Jaurlaritzako informazio zerbitzu buruak: @irakasle.eus kontu elektronikoak dualak izango dira (Microsoft/Google) eta ikasleei ere horrelakoak ireki ahal izango zaizkio. Hala, Chromebookak homologatu ziren eta ikasleei zuzendutako chrombooken erosketa masiboa hasi zen, gaur egunera arte.

Multinazional handiei alfonbra gorria jarri eta Google bezalako enpresekin akordioak sinatzen ari da Eusko Jaurlaritza, software propioak sortu eta burujabetza digitalean pausurik eman gabe. Hala, eskola gehienetan horrelako multinazionalen aplikazioak erabiltzen dira ikasle eta irakasleekin lan egiteko, eskolako dokumentuak sortu eta gordetzeko edota gurasoekin komunikatzeko.

Gogoratu beharra dago horrelako aplikazioak doakoak direla erabiltzailearentzako, baina trukean erabiltzailearen datuak jasotzen dituztela negozioa egiteko: nabigazio historiala, bilaketak, interakzioak, irudiak, informazio pertsonala, kokapena…

Ikasleek etengabe konektatutako gailuak erabiltzen dituzte: mugikorrak, tabletak, ordenagailuak. Honek menpekotasuna ekar dezake, baita kritikotasun eta autonomia falta ere. Helburu argiekin erabili behar dugu teknologia ikasgelan, beste gaitasun batzuen garapena zapaldu gabe.

3. Formazio digitala hezkuntzako langileen artean

EAEko Hezkuntza Sailak irakasleontzat ezarri zuen Curriculum Digitala izeneko prestakuntza jardueraren inguruan kexak eta kezkak zabaldu dira ikastetxeetako langileon artean. Desadostasun ugari daude prozeduretan, edukietan eta antolaketan.

Prozesu konplexu eta teknikoegiekin bideratzen dira etengabeko lege eta curriculum aldaketak eta berauen zehaztasun batzuetan gehiegizkoak. Hala, sarri, benetako aldaketa pedagogikoaren ordez, burokrazia eta testu sorkuntza antzua ekartzen dute. Legeari, dekretuei, curriculumei eta abarrei egokitzeko behar formalak izan ohi du lehentasuna, ikasleekiko jardunaren eragin zuzenaren ordez. Horregatik, lan ordu asko zeregin alferrekoetan galtzen direlako iritzia dute irakasle askok.

4. Kanpo enpresen injerentzia hezkuntzan

Zer egiten dute enpresa hauek jasotako datuekin?

Interes pribatuek gero eta parte-hartze handiagoa dutela argi dago. Horrez gain, IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) alorrean, EAEn ez dago hauek kudeatzeko erabaki sendorik, ezta eskola lanerako egitasmo propioak sortzeko edota software librea erabiltzeko ere. Are gehiago, sektoreko enpresa erraldoiekin hitzarmenak egitea hobesten da. Hezkuntza negozio-gune gero eta interesgarriagoa da gizarteko sektore ekonomiko jakin batzuentzat, eta horretarako hezkuntza administrazioen kolaborazioa nahitaezkoa da. Hezkuntzaren merkantilizazioa, arriskutsua ez ezik, errealitate gero eta zabalagoa ere bada gaur egun.

Google, Microsoft eta enparauek eskaintzen dituzten aukera eta baliabideek zaildu egiten dute bestelako alternatibak planteatzea: Luberri, Linux,…

  • Google: nabigazio-datuak biltzen ditu, kokapena, bilaketa-historia, baita hezkuntza-inguruneetan ere.

  • META (Facebook/Instagram): kontsumo-profilak sortzeko interakzioak aztertzen ditu.

  • Zoom: grabazioak, transkripzioak eta konexio-metadatuak gordetzen ditu.

  • Microsoft: erabilerari eta errendimenduari buruzko datuak biltzen ditu.

Beraz, enpresa multinazional hauek oraingo eta etorkizuneko euskal gizartearen argazkia osatzen dute, eta horren arabera manipulatu ditzakete ideia ala kontsumo ohiturak.

5. Datuen babesa

Enpresa pribatuek bezero potentzial berrien datu bilketa egiten dute etengabe, norbaitek kontu berri bat sortzen duen bakoitzean. Ustez, ez dute datu horien erabilerarik egiten, baina enpresa munduan monopolioagatik edo publizitatearen inguruan Google edo Microsoft bezalako enpresei jartzen zaizkien milioi askoko isunak ikusi besterik ez dago alde ilunaz ohartarazteko.

Gogoratu behar dugu gmail-en kontu bat izateko gomendatutako adina 14-16 urtekoa dela ia Europa osoan, baina gure eskoletan, 10 urteko ikasleak, eta batzuetan gazteagoak ere, behartzen ditugula posta kontua irekitzera. Honek badu bere arriskua, noski, aipatutako teknofeudalismoak eragin handia baitu hezkuntzan.

Gaur egun dugun digitalizazio ereduarekin plataforma pribatuen menpekotasuna areagotzen da, eta subiranotasun pedagogikoa galdu.

Korporazio hauek eskola datu masiboak eskuratzen dituzte eta datu hauen ustiapena garatu, haien onurarako. Belaunaldi oso baten datuen jabe dira enpresa hauek eta errentagarria zaie informazio hau, orainean zein etorkizunean. Herrialde bateko gizartearen erradiografia dute eskura, eta kontsumismo eta manipulaziora bideratzen dituzte, algoritmoak ere kontrolatuz. Ondorioz, ezinbestekoa dugu hezkuntzan subiranotasun teknologikoa, azpiegitura publikoak sustatuz eta enpresa pribatuekin egindako akordioak berrikusiz.

6. STEILASen ikuspuntua

STEILASetik, beti egin dugu bat gure eskola eta gizartea eraldatzeko nahiarekin. Digitalizazio eta mundu analogikoaren arteko oreka bilatu behar dela deritzogu, bai metodologietan baita pedagogian ere.

Digitalizazioa erreminta ona da, erabilera egokia eginez gero. Baina sortzen dituen arazoak minimizatu eta saihestu egin behar dira. Pertsona kritiko eta ahaldunduak hezi behar dira jendarte justu eta kohesionatu batean. Teknologia pedagogiara egokitu beharko litzateke eta ez, orain gertatzen ari den bezala, alderantziz. Honekin batera, azpiegitura digital publikoak sustatzea berebizikoa da, beharren neurrira egokituz.

The post Digitalizazioa hezkuntzan appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.