2020-03-27 15:37

Zeresan asko ematen ari da ikasturte honetarako deituta zegoen Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketarako EPEa. STEILASek egoera aztertu eta langile askoren iritzia entzun ondoren, zera adierazi nahi du:

1. Bizi dugun pandemia egoeran ezinezkoa da funtzio publikorako sarbidean oinarrizko irizpideetako bat bermatzea: hautagaien berdintasuna.

2. Ziurgabetasun egoera honetan, hautagaiek ziurtasunak behar dituzte. Hori bermatzeko modu bakarra EPEaren inguruko data zehatz bat berehala ematea da. Hezkuntza Sailaren proposamenak ziurgabetasun handia sortzen du eta ez dauka beteko denaren bermerik.

3. EPEa ezin da aurreikusitako datetan egin. Prozesuak berehala hasi beharko luke eta gaur egun dugun informazioaren arabera, hori ez litzateke posible izango, edo behintzat, zailtasun ikaragarriekin aurkitu daiteke Hezkuntza Saila.

4. Datorren ikasturtearen hasiera bereziki korapilatsua izango da ikastetxe guztietan, baita administrazioan ere. Egun atzeratzen ari diren prozesu asko berreskuratu beharko dira eta anabasa ikaragarria sor daiteke.

5. Egoera baretu arte, administrazioak oinarrizkoak eta atzeraezinak diren kontuak ahalik eta modu eraginkorrean betetzera bideratu beharko lituzke indarrak: ikasleen onarpen prozesua, lanpostu zerrendak, ikasle guztien aukera berdintasuna bermatzea…

6. Baldintza hauetan EPEa aurten deitzeak lanpostu asko bete gabe geratzea ekar lezake.

Horregatik guztiagatik STEILAS sindikatuak ikasturte honetarako aurreikusita zegoen EPE deialdia datorren ikasturte bukaerara atzeratzeko eskatzen dio Hezkuntza Sailari.

Bide batez, Hezkuntza Sailari dei egiten diogu Europako Justizia Epaitegiak adierazitakoari eutsiz, egungo interinitatearekin amaitu eta sindikatuekin EPE eredu berri bat adostu dezan.

 

The post Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketarako EPEaren data aldaketa appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.