➢ Beste proposamen bat egiteko eskatu diogu irmotasunez, eta bihar beste mahai negoziatzaile bat izango dugu.
Basamortu komunikatiboan igaro dugu hilabete osoa, Hezkuntza Sailak ez baitu mugimendurik egin nahi izan azken asteetan. Beste hainbatetan egin bezala, greben aurreko egunetan hasi da mugitzen. Mugimendu hauek, bestalde, guztiz propagandistikoak direla salatu behar dugu, zoritxarrez.
Hedabideen bidez jakin genuen astelehenean gaur mahai negoziatzailea izango genuela. Komunikabideen bidez ezagutu genituen ere Hezkuntza Sailak gaurko mahaira ekarriko zituen eduki batzuk, idatziz ez baitugu inolako proposamenik jaso.
Baina egoera are larriagoa da Hezkuntza Sailak gaurko mahai negoziatzailera ekarritako edukiei erreparatzen badiegu. Baieztatu besterik ezin dugu egin behin eta berriro salatu dugun eduki eta zehaztasun falta. Ez dago aurrerapausu esanguratsurik eta atal batzuetan atzerapausuak ere ezarri dituzte.
Ikasleen arreta hobetu nahi duela adierazi du Hezkuntza Sailak hainbat hedabideetan. Ez gaitzatela engainatu. Euskal Eskola publikoaren kalitatea eta ikasleen arreta hobetu ahal izateko, ezinbestekoa da irakasleen lan-baldintzak hobetzea, bata bestea barik ezinezkoa baita. Sindikatuon aldarrikapen zehatzak baditu jada Hezkuntza Sailak. Euskal Eskola Publikoa duintzeko borondatea da nabarmen falta zaiona.
Orain arte egindako grebek frogatu dute hezkuntza komunitatea indartsu dagoela, eta agerikoa da mobilizazioak direla Hezkuntza Saila mugiarazten dutenak. Baina greben deialdi berriak jarrera aldaketa eragin duen arren, hurrengo asteko mobilizazioekin tinko mantendu beharrean gaude lan-baldintzetan hobekuntza esanguratsuak izateko.
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Hezkuntza Sailari behar bezalako eduki, berme eta zehastasunak biharko mahaira ekartzeko eskatu diogu.
Argi dugu; proposamena nahikoa ez baldin bada, denok grebara!
The post Berriz ere, Hezkuntza Sailak ez du eduki, zehaztasun eta berme nahikorik ezarri mahai gainean appeared first on Steilas.