STEILASeko Idazkaritza Feministatik aurten ere kartel bat argitaratu dugu “Ez gara ixilduko matxismoa eta genozidioa amaitu arte” lelopean, azaroak 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Honekin palestinar herria azken hamarkadetan jasaten ari den etengabeko zapalketa eta genozidioa salatu nahi dugu eta honen aurrean feministok gure haserrea, amorrua eta sumina plazaratzen jarraitzeko beharra dugu.
Giza Eskubideek nazioarte mailan babes sozial zabala dute eta horiei buruzko hitz polit asko entzuten dira. Hala ere, azken 2 urteetan zehar batez ere, eskubide horien urraketa sistematikoa etengabe ematen ari da Gazan eta horrek hautsak harrotu ditu, herritarren eta gobernu batzuen Genozidioaren aurkako posizionamendua eraginez.
Erasoaldi militarretan giza eskubide guzti-guztiak urratzen dira, bizitzeko eskubidetik bertatik hasita. Era berean, matxismoa eta kultura patriarkala estuki lotuak daude kultura militarrarekin, alegia, sarraskien historia patriarkatuaren historia izan da, eta matxismoak bere aurpegi ankerrenak azaleratzen ditu egoera hauetan.
Horregatik, bizi ditugun garaiotan, genozidio honen aurrean ezin dugu ez ikusiarena egiten jarraitu. Honekin batera, Ikastetxeetan ere beharrezkoa ikusten dugu Giza Eskubideen defentsan jardutea, Gazan bereziki, eta munduko beste leku batzuetan ere jasaten ari diren egoeren aurrean; etxebizitza, elikadura, osasuna, hezkuntza… izateko eta bizitzeko eskubidea duten pertsonek pairatzen dituzten egoeren aurrean. Era berean biktimen arteko mailakatzeari kezkaz begiratzen diogu, palestinar herriaren genozidioaren kasu honetan estatu oso bat suntsitzen ari baitira. Horregatik, aitortza egin nahi diogu azken asteetan hezkuntza komunitateetan egin den lanketari, elkarretaratze, greba zein proiektu ezberdinei, eta etorkizunean ere hauetan bidelagun izaten jarraitu nahi dugu, gure aletxoa jarriz.
Azkenik, salaketa bat egin nahi dugu. Gure inguruko erakunde eta hainbat enpresei, ahoa betetzen zaie Giza Eskubideak aipatzean edo azaroak 25 bezalako egunetan zuriketa ekitaldiak eginez. Hala ere, jakin badakigu egunerokoan erakunde zein enpresa batzuek estatu sionista genozidarekin harremanak dituztela, ekonomikoak batez ere, eta hainbat negozio dituztela Palestinako lurralde okupatuetan. Beharrezkoa da harreman hauek etetea behingoz, benetako giza eskubideen defentsarekin koherentziaz jardutea eta aurrerapausuak ematea.
Esan bezala, egoera hori salatzen jarraitzeko deialdia luzatzen dizuegu, herri eta langileen arteko elkartasuna landuz, erakunde eta enpresek dituzten ardurak seinalatuz, hezkuntza komunitatea kontzientziatuz eta gatazketan zein genozidioetan gertatzen diren eskubide urraketak ikusaraziz.
The post Azaroak 25: Ez gara isilduko matxismoa eta genozidioa amaitu arte appeared first on Steilas.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.