ARGIA.eus

2022ko uztailaren 05a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
2022-06-23 11:36

Lau alderdi politikok, EAJak, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, EAEko etorkizuneko hezkuntza-sistema arautuko duen akordioa onartu eta irudikatu zuten apirilaren 7an. Akordioan oinarritutakoa dekretuetara xedatzea da orain Hezkuntza Sailaren lana.

Aurkeztutako planifikazio dekretuaren oinarrien aurrean, bestalde, STEILAS sindikatutik hainbat gauza argitu eta eskatu nahi ditugu:

  • Jaiotza-tasaren beherakada izugarria espero denez, ikastetxe pribatuei gelak itundu ahal izateko ikasle ratio minimoa 17tik 13ra jaitsi diete, gehieneko ratioak ukitu gabe. Udalerriko gela bakarra denean, 11 ikaslerekin osatuko da taldea. Neurri hau datorren ikasturtetik aurrera ipiniko dute martxan. Publikoan, ordea, ikastetxeen betekizunak zorroztu ditu planifikazio-dekretuak, lerro bakarreko ikastetxeak ixteko edo fusionatzeko arriskuan ipiniz.

    Ikastetxe pribatuen erreskate nabarmen hau gauzatzeko 679,3 milioi euro erabiliko ditu Hezkuntza Sailak. 2021-2022an baino 48,8 milioi euro gehiago. Jaiotza-tasa jaisten ari den honetan, ikastetxe publikoetan diru inbertsioa mantendu dezaten negoziaketa gogorrak gauzatzen ari ditugu, pribatuan, ordea, diru inbertsioa handitzen da.

    Guzti hau egiteko premia dagoenez, datorren ikasturtean jarriko dira neurri hauek indarrean.

  • Beste neurri batzuk, bestalde, luze itxoin beharko dute. Sailburuak aurkeztu duen kronogramari erreparatuz, Eskola Publikorako plan estrategiakoa 2024ko 2.hiruhilabetean planteatzen da. Sexuz segregatzen duten ikastetxeen finantzaketa 2023an berrikusiko omen da, hau da, egun indarrean dagoen legedia (LOMLOE) betearazteko beste ikasturte bat itxarongo dugu.

  • (Itxoiteaz gain eduki handirik ez) Kronograman jasotzen diren eduki gehienak ezjakinak dira, espero dugu legeak zehaztasun gehiago jasotzea, edo 2023an onartuko da 2024an zehaztuko dena? Zehaztutasun eza horretan matrikulazio bulego bakarrak oraindik ez dira agertzen, momentuz informaziorako bulegoak izaten jarraitzen dute. Itun berriak aurkeztearekin batera, sailburuaren hitzetan egin dutena zera da: “Lehen zegoen egoera hobetu”. Noren egoera?

  • Azken egunetan gauza asko esan badira ere, berri gutxi. Lau haizetara argitaratu diren pribaturako auditoriak 1987ko Dekretuan jasota daude. Beraz, legea betearaztea baino ez litzateke. Dekretu berean jasota dago kuotak kobratzea debekatuta dagoela, baina arau hori gauzatzearen zain gaude oraindik. Neurri hauek ere 2023rako jasota daude kronograman. Beraz, dirudienez, hainbat lege betetzeko itxoin egin beharko dugu. Orain arte bete ez dituzten arauak beteko dituzte? Itundutako ikastetxe publikoen kuota ilegalak desagertuko dira benetan?

Dekretu honek agerian utzi du zeintzuk diren Hezkuntza Sailaren asmoak, eta zein den lehenesten duen sarea. Hori dela eta, alderdi politikoei onartu ez dezaten eskatu nahi diegu.

Gizarteak sare publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea behar du. Interes ekonomiko eta korporatibistak alde batera utzi eta LOMLOEk 109. artikuluan jasotzen duena betetzea exijitzen diogu Hezkuntza Sailari: plaza publikoak eragin eremu guztietan sustatu behar dira. Hezkuntza publikoa ezin da pribatuaren osagarria izan.

The post Aurkeztutako planifikazio dekretuaren aurrean, hainbat gauza argitu eta eskatu nahi ditugu appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.