2025-12-11 09:01

Atzo, abenduak 10, negoziazio mahaia izan genuen Lakuan. Bertan, maiatzean sinatutako akordioa, moldatuta, sinatu genuen berriro, Hezkuntza Saila eta gehiengo sindikalarekin batera. Bestalde, akordioa bere osotasunean lehenbailehen eta adostutako baldintzetan etapa guztietan ezar dezan exijitu genion Hezkuntza Sailari.

Maiatzean Hezkuntza Sailak eta STEILASek, gehiengo sindikalarekin batera, sinatu genuen akordioan hainbat akats tekniko zeuden, eta ez zegoen berdin erredaktatuta euskaraz eta gaztelaniaz. Hori dela eta, datozen hilabeteetan EHAAn argitaratu baino lehen, akats horien zuzenketa beharrezkoa zen.

Azkenik, negoziazio gardena eta adostasunetara heltzeko baldintzak bermatu ditugu eta Hezkuntza Saila urratsak ematera bultzatu dugu akordioaren hainbat akats egoki zuzentzeko. Atzo sinatutakoan hainbat hobekuntza txiki ere jaso direla aipatzekoa da.

STEILASen lanean jarraituko dugu atzo sinatutakoa EHAAn lehenbailehen argitaratu dadin eta, batez ere, Hezkuntza Sailak adostutako neurri guztiak ondo aplika ditzan. Hauen artean: Bigarren Hezkuntzan bi zaintza ordu gehienez bermatzea, irakastorduen murrizketagatik eratorritako irakasle kreditu osoak ematea, burokrazia benetan murriztea eta soldata lehenbailehen eguneratzea.

Lanbide Heziketako mahaian ikasturte hasierako ebazpenei buruz aritu ginen, aurtengoak maiatzeko akordioa errespetatzen ez dutelako eta hainbat edukietan akats esanguratsuak dituelako. Urtarrilerako zuzenketak txertatzeko beste mahai tekniko bat egiteko geratu ginen. Bestalde, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta ematen diren problematikak ere izan genituen mahai gainean, gaiak jarraipena izango du.

Gai hauetaz gain, lekualdatze-lehiaketa datak abenduaren 17tik urtarrilaren 8ra izango direla zehaztu zuten, eta ordezkagunea 19a arte egongo dela zabalik, urtarrileko lehena 5ean izango delarik. Akordioan jaso bezala, ez dira lan kontratuak neguko oporretan moztuko.

STEILASetik orain arte egin dugun irmotasun berdinarekin jarraituko dugu lanean, borrokan irakasleen lan-baldintzak defendatzen eta hobetzen. Beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditugu lan-akordioa osorik eta hitzartutako baldintzetan bete arte!

The post Akordioaren akatsen zuzenketa sinatu dugu appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.