2024-04-17 13:53

Hasi aurretik, nabarmendu beharreko lehenengo puntua da Hezkuntza Sailak ez digula deialdi honen zirriborrorik bidali azken bizpahiru urteetan guk alegazioak sartu ahal izateko eta baldintza horiek borrokatu ahal izateko langileen mesedetan. Hortaz, administrazioa aldebakarreko erabakiak hartzen ari da langileon kalterako.

Lehen bidegabekeria irakasle interinoekikoa da. Ez da inoiz baimendu interinoei murrizketa eskatu ahal izatea. Iazkoan ere berdin jokatu zuen administrazioak eta STEILASek bide judizialera jo zuen gai honengatik; epaileen ebazpenaren zain gaude. Esperoan gauden honetan Arartekoak bere iritzia eman du eta STEILASekin ados dago. Eta hori gutxi ez, lan-legepeko irakasle eta hezitzaileen sektorean epaileak arrazoi eman digu eta interinoei azken sektore horretan adinagatiko herena murrizteko aukera eman die.

STEILASek mahai-negoziatzaileetan, behin eta berriz, eskatu du herenaren murrizketan langileari ez ipintzeko ardurarik, eta era berean, langileak ez duela zertan eskolan bertan derrigorrez igaro behar murriztutako denbora hori. Administrazioak entzungor egin du eta urtez urte erantzukizun handiagoak ematen dizkiete adineko langileei heren hori betetzeko. Aurtengoan Hizkuntza Eskola Ofizialeko azterketak zuzentzera bidaltzeko aukera zabaldu dute. Irakastorduak murrizteko deialdiaren helburua adineko irakasleon lan karga arintzea bada, ze zentzu du horrek? Argi ikusi dezakegu Hezkuntza Sailak ez duela oro har langileon lan-karga arintzeko asmorik.

Deialdian era berean zehaztu dute ordezkorik lortu ezean, ezingo duela murrizketa honetaz gozatu langileak. Espezialitate batzuetan ordezkoa lortzea lan nekeza da. Honen aurrean, aurreikus daiteke espezialitate batzuetan langile askok trabak izan ditzaketela herena murrizteko, zerrendetan ez baitago ordezko askorik. Horrek talka nabarmena sortzen du langileak herena murrizteko duen eskubidearen eta ikasleek hezkuntza jasotzeko duten eskubidearen artean; administrazioak du korapiloa askatzeko ardura, noski. Gainera badakigu heren bateko lanaldiek lanpostu prekarioak sortzen dituztela. Horregatik, gure aldarrikapena izan da murrizketak gutxienez lanaldi erdikoak izatea ordezkoen lanpostuak duintzeko.

Aurtengo deialdian larria den beste puntua murrizketaren iraupena da. Oraingoan murrizketaren ordezkapena ekainaren 30ean bukatuko dela zehazten da, egun lektiboekin batera; hortaz, ordezkoaren kontratuak ez du iraungo abuztuaren 31ra arte.

Steilasek adineko langileen baldintzak izan ditu lehen lerroko aldarrikapen Hezkuntza Sailarekin izandako negoziazioetan. Gure lehen aldarria 60 urterekin jubilatu ahal izatea izan da, eta hortik abiatuta ondokoak izan ditugu negoziaketarako mamia: murrizketak gutxienez lanaldi erdikoak izatea, 60 urtetik aurrera urtero izatea lan-karga arintzeko aukera, 60 urtetik jubilazio bitarterako murrizketa oro metatzea eta hala 2 urte lehenago erretiro hartu ahal izatea… Baina Hezkuntza Sailak ez du prestutasunik izan honetarako guztirako. Negoziazioetan larria izan bada Hezkuntza
Sailaren prestutasun eza, hori gutxi ez eta bere aldartea gure lan-baldintzetan atzerapausoak ematea da. Hezkuntza Sailaren asmoa, beraz, gure baldintzak okertzea da, eta hemen azaldutakoa horren erakusgai eta lagina.

DENONTZAKO JUBILAZIO DUINA ORAIN!

The post Adinagatiko 1/3aren murrizketa bai, baina baldintza hauetan? appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.