Gaur Desburokratizazio Batzordea bildu da Hezkuntza Sailak egindako inkestaren emaitzak aztertu eta prozesuaren hurrengo urratsak zehazteko. Datuak partekatzeaz gain, irakasleon lan-zamaren benetako arintzea premiazkoa dela adierazi diegu, maiatzean sinatutako akordioak jasotako baldintzetan.
Hezkuntza Sailak eta Basquedatak jakinarazi digute galdetegia 4.605 irakaslek erantzun dutela.
Inkestaren datuetatik prozesu asko ezin direla automatizatu ondorioztatu dute. Guk, benetako desburokratizazioa aplikazio informatikoen hobekuntzara soilik ezin dela mugatu gogorarazi diegu. Paper gutxiago eta irakaslana egiteko denbora gehiago da behar duguna, eta horretarako antolaketan eta lan-baldintzetan aldaketak ezinbestekoak dira.
Gainontzeko sindikatuek bezala, Hezkuntza Saileko proposamena ikuspegi tekniko hutsera mugatzen dela salatu dugu, langileen eguneroko lan-zama bigarren planoan utziz. Aurkeztu dizkiguten ehunekoetatik harago, STEILASetik gure afiliazioaren testigantzak mahai gainean jarri dizkiegu eta jasotako egoera errealak. Lan-zamak jasanezinak dira, eta neurriak orain behar dira, ez amaigabeko diagnostikoen ostean.
Horrez gain, gogorarazi diegu ezinbestekoa dela etapaka eta kolektiboka (zuzendaritzak, PTak, aholkulariak, orientatzaileak, Berritzegunekoak, EOI, ALEak…) benetako lan-zamaren inguruko azterketa sakona egitea. Batzorde honek ez ditu soilik jarduera teknikoak landu behar: benetako politika publikoak eta baliabide nahikoak behar dira lan-zamak arintzeko.
Ondoren, Hezkuntza Sailarekin sinatutako Lan Akordioan jasotakoa azpimarratu nahi dugu. Akordio horrek marko argia ezarri zuen, eta Hezkuntza Sailak berak hartutako konpromisoak bete behar ditu:
1. Ikastetxeek baliabide nahikoak izatea, eta proiektu zehatzetan sartu beharrik ez izatea.
Egun, baliabideak lortzeko prozedura burokratikoak pilatzen ari dira (kontratu programak, Ulibarri, irakurketa eta matematika programak, Bidelaguna, ADI…), eta horrek klaustroak eta zuzendaritzak itotzen ditu.
Akordioan jasota dago Hezkuntza Sailak hori arintzeko mekanismoak garatu behar dituela, eta ez direla betetzen ari gogorarazi diegu.
2. Klaustroek eremu didaktikoan duten autonomia errespetatzea.
Akordioak bermatzen du ikastetxe bakoitzak programazioak eta ebaluazio-dokumentazioa autonomiaz garatu behar dituela, klaustroaren eta sailetako lanaren bitartez.
Era berean, ikastetxeak autonomoa izan behar du familientzako ebaluazio-dokumentu argiak eta baliagarriak sortzeko.
Azken hilabeteetako agindu, jarraibide eta egituraketek autonomia hori urratu dutela salatu dugu.
3. Plan eta programa gehiegikeria murrizteko konpromisoa.
Akordioan jasota dago Hezkuntza Sailak plan eta programa gehiegi ez zabaltzeko konpromisoa, eta baliabide-esleipenak modu bateratuan eta proportzionatuan egitea.
Gaur egungo egoerak, ordea, kontrakoa adierazten du: plan gehiago, exijentzia gehiago eta lan-karga handiagoa.
STEILASen mezua argia da:
Neurriak lehenbailehen eta akordioak ezarritako baldintzetan aplikatu behar dira.
Irakasleek lanaren arintzea orain nabaritu behar dute, ez urte batzuk barru.
Desburokratizazioa ez da formularioak hobetzea bakarrik: lan-baldintzak, antolaketa eta politika publikoak eraldatzea da.
Desburokratizazioa ezin da asmoen adierazpen huts batean edo paper gaineko konpromiso batean geratu. Premiazko beharra da lan-baldintza duinak bermatzeko, hezkuntza-lanerako denbora berreskuratzeko eta kalitatezko hezkuntza publikoaren defentsa egiteko, konfiantzan, autonomia pedagogikoan eta irakasleen lanarekiko errespetuan oinarrituta, beraz batzorde hau eraginkorra izan dadin irmoko lanean jarraituko dugu.
The post Abenduak 15: irakasleon lan-zamaren benetako arintzea premiazkoa da appeared first on Steilas.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.