Haurreskolak Partzuergoaren eta Hezkuntza Sailaren utzikeria jasanezina da.
Azken Mahai Negoziatzailearen deialdia duela 5 hilabete jaso genuen, uztailaren amaieran, alegia. Arez geroztik, Haurreskolak Partzuergoko eta Hezkuntza Saileko kideak ez dira sindikatuokin bildu. Hau da, 2025-2026 ikasturte honetan oraindik ez gaituzte ezta bilera edo mahai negoziatzaile bakar batera ere deitu. Dagoeneko egoera onartezina da eta honek administrazioaren ardura falta agerian uzten du beste behin ere.
Jakin badakigu Lan Hitzarmenaren sinaduraren ondorioak direla hauek. Momentu honetan, bake soziala da nagusi, nahiz eta borroka itxura eman nahi izan dioten. Haurreskola askotan iritsi ezinik dauden bitartean, gerentziak eta Hezkuntza Sailak ez dute honen inguruan hitz egin nahi eta ez dituzte beharrezko neurriak hartu.
Aurreko komunikazioetan azaldu bezala, hilabete hauetan egondako mugimendu bakarrak 2024an STEILASek eta LABek sinatutako akordioei lotutakoak izan dira. Azkena, 60 urteko murrizketaren aplikazio eta ordezkapenekin lotutakoa izan da. Mugimendu horiek guztiak bide judizialean izan dira, administrazioak hartu duen neurri onuragarri bakarra PRECOa martxan jarri ostean izan baita; hau da, presiopean. Gaur egun Haurreskolak Partzuergoak negoziazioaren eta akordioen interpretazio bideak itxita ditu eta lortutako informazio apurra aipatutako bide judizialeko bilera horietan entzundakoa izan da.
Noiz arte jarraituko dugu egoera honetan?
Hezkuntza Publikoko beste sektoreetan, bai irakasle eta baita Lan-legepeko hezitzaile eta irakasleetan ere, mahaiak deitu dira, eta elkarrizketak ere egon dira. Zergatik Haurreskolak Partzuergoan ez? Akaso bertako langileok ez dugu merezi administrazioarekin hartu eman emankor eta ganorazko bat ditugun hainbat gai lantzeko?
STEILAS sindikatutik beste behin ere, Haurreskolak Partzuergoaren negoziazioak bizi duen egoera salatu nahi dugu eta administrazioari ahalik eta azkarren beharrezkoak diren deialdiak egitea eta negoziazioa berraktibatzea exijitzen diogu.
The post 2025/12/11: Haurreskolak Partzuergoan berririk ez! appeared first on Steilas.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.