2025-09-12 11:51

Ikasturte hasiera mugitua izan dugu Haurreskolak Partzuergoan, ikasturte amaieraren ildo beretik doana.

Uztailean izan genuen Mahai Negoziatzailean, 2024ko apirilean sinatu genuen akordioa ezingo zutela bete adierazi ziguten, irailaren 1ean Lanpostuen Zerrendan gehitu behar ziren 63 lanpostuen sorrera eragotziz. Gauzak horrela, egoera salatzeko eta lanpostuen sorrera erreklamatzeko elkarretaratzea burutu genuen iraila hasieran. Horren ostean, Laneko Harremanen Kontseiluan, lan gatazkari konponbidea bilatzeko bilera izan genuen. Bertan, akordioa betetzeko erdibideko konponbide bat adostu genuen: 63 lanpostuak sortuko ziren ekoizpenagatiko kontratuak eginez (lan metaketak). Geroago, LEParteko kontratuak sortuko dira akordioa ez betetzea eragiten duen akats administratiboa zuzentzen denean.

Jakin badakigu ez dela %100ean asetzen gaituen konponbidea, baina akordioa betearaztearen bidean, garrantzitsua da modu batean edo bestean lanpostu horiek sortzea eta zerbitzuak dituen beharrak asetzea. Horrela, haurreskolak hornitzea itxi dugu, akordioa osotasunean betetzen den bitartean. Zerbitzuaren kalitatea bermatzeko beharrezkoak izan diren pausuak eman ditugu, administrazioaren utzikeriari konponbidea emateko.

Hala ere, lanpostu horiek ez dira Haurreskolak Partzuergokoak dituen behar guztiak asetzeko nahikoa, askoz baliabide gehiago lortu behar dira. LABek eta administrazioak ratioak negoziatuko zirela sinatu arren, ez dute ezer adostu eta hezitzailen jarduna murriztu arren, langile kopuru berarekin jarraitzen dugu. Ondorioz, kurtso hasieran ordutegiak moldatzeko eta lotzeko zailtasunak izan dituzte haurreskoletan eta, egoera batzuetan lehen zaila bazen prestakuntzak egitea, gaur gaurkoz haurreskola askotan ezinezko bihurtu da. Beste behin ere argi geratzen da sinatutako Lan Hitzarmenak ez dituela Haurreskolak Partzuergoko beharrak asetzen.

Bestalde, ez dugu errelebo kontratuaren egoera aipatu gabe utzi nahi. Jubilazioaren legea aldatu zenetik, hainbat langile errelebo kontratua hartzeko aukera gabe daude. Kaltetuak diren langile hauei ez zaie alternatibarik eskaini eta hau oso larria da. Gogorarazi nahi dugu, Steilasetik lan hitzarmen berriaren negoziaketan Gazteberritze plan baten proposamena  egin genuela. Irakasleen sektorerako egindako proposamen berdina izan zen eta Hezkuntza Sailak sektore horretan onartu  eta martxan jarri zuena, gure sektorean ez zuen onartu. Ondorioz, berriz ere kaltetuak atera ginen.

Gauzak horrela, Steilasetik langileen lan baldintzak bermatu eta hobetzeko daukagun indar guztia mahai gainean jarriko dugu. Horregatik, Mahai Parekidea eta Mahai Negoziatzaileak eskatu ditugu prozesu guztien jarraipen egokiena egiteko.

 

The post 2025/09/12: Ikasturte hasiera, betiko arazoak. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.