2025-07-21 13:59

Gaur, Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailea izan dugu. Tamalgarria da uztailaren 21ean burutzea Steilasetik apiriletik eskatzen ari garen mahaia, garrantzitsuak diren hainbat gai lantzeko beharra egonda. Gogoratu nahi dugu, otsailean izan zela azken mahai negoziatzailea.

Asko izan dira landutako gaiak eta jarraian horiei buruzko informazio zehatza helarazi nahi dizuegu:

  • Hezitzaileen lanpostu zerrenda (LZ): mahaian bertan materiala ostiralean jaso genuela salatu dugu, beharrezkoa den lanketa egiteko aukerak mugatuz. Gainera, jasotako taulan azalpenak falta ziren, beraz ulergaitza zen.

Baieztatu digutenez, lanpostuen zerrendan dagoen lanpostu kopurua aurreko urtekoaren berdina izango da. Alde batetik, lan hitzarmenaren negoziazio prozesuan “plantilak esleitzeko irizpideak” dokumentuaren ondorioz, ez dira lanpostu berriak sortu. Ondorioz, orain arte izandako ratio berdinekin jarraitzen dugu. Bestalde, 2024ko apirilean sinatutako akordioa urratuko dute, LZan txertatu behar dituzten 63 lanpostuak ez dituztelako sortuko.

Egoera oso larria da: matrikula igoera eta jarduna murriztu den honetan lanpostu kopuru berdinarekin jarraituko dugu, hezitzaileon lan karga handituz.

  • Lekualdatze-Lehiaketa (LAL): deialdia asteazken honetan aterako dela baieztatu digute. Prozesua uztailean eta abuztuan emango da eta behin betiko esleipena abuztuaren azken asterako aurreikusita dago. Berriro ere denboralizazioa salatu dugu; hezitzaileok gure opor hilabetean prozesuari adi egon beharko gara, eta kudeaketa langileek, baliabide gutxiagorekin, lekualdatzea aurrera eraman beharko dute.
    • Ordezkoentzako udako esleipena: abuztuaren bukaeran egingo da, lekualdatzearen ostean hutsik geratu diren lanpostuak esleitzeko.
  • Hezisarea: abuztuaren 25eko astean hautagaientzako sarbidea irekiko da norbere datuak eta egoera baieztatzeko. Horrekin batera, lurraldeak eta jardunak aldatzeko aukera egongo da aplikatiboa martxan jartzen denerako, hau da, irailaren 15etik aurrera (gutxi gora behera). Momentuz zehaztapen gehiagorik ez daukagu, ez nondik izango dugun sarbidea, ezta nolakoa izango den aplikatiboa ere.
  • Lan eskaintza publikoa (LEP): kudeaketa alorrean LEPa burutuko da bi lanpostu asetzeko: arduradun pedagokioaren lanpostua eta arkitektoaren lanpostua, azken hau merezimendu lehiaketan hutsik geratu baitzen. Atal honetan, arreta goiztiarreko diziplina anitzeko taldea sortzeko beharra plazaratu dugu.

Halaber, hezitzaileen EPEa egiteko asmoa adierazi dute, inongo zehaztapenik eman gabe.

  • Soldata igoera: 2024ko 0,5eko soldata igoera gutxienez urrira arte ez dugu jasoko, Partzuergokoak dituen prozesu juridikoen ondorioz. Steilas sindikatutik  igoera horrek ez duela gure erosahalmena berreskuratzen laguntzen salatu dugu berriro, eta aurten emandako mobilizazio dinamikaren ostean beste sektoreetan lortutako igoerak ikusita, aukera bat galdu genuela baieztatu dugu berriro ere.
  • Errelebo kontratua: Gai ordenean ez zegoen arren, garrantzi handiko gaia izanda, Steilasetik egoera salatu dugu. Oraindik ez dago konponbiderik arazo honekiko eta langileen eskubide urraketa hau lotsagarria da. Berriro ere negoziazioan proposatutakoak mahaigaineratu ditugu: 60 urteko murrizketa etxean egiteko aukera edo irakasleek lortutako gazteberritzea gurean ere aplikatzeko aukera baloratzea.
  • Norberak lekarkeenetan tenperatura altuen protokoloa sortzeko beharra aipatu dugu. Baita ordezkapenekin azken hilabeteetan egondako arazo larriak salatu ere.

Aurtengo ikasturte amaieran gertatutakoa oso larria da. Denboralizazioa dela eta, urtero arazo berdinaren aurrean aurkitzen gara eta konponbidearen zati bat matrikulazio epea aurreratzea litzateke. Horrela proposatu dugu mahaian eta arrazoia dugula onartu digute. Hala ere, argi dugu, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eta doakotasunaren ondorioak asetzeko, baliabide pertsonal nahikoak behar direla, bai hezitzaileetan eta baita kudeaketa alorrean ere. Steilasen hori lortu arte borrokan jarraituko dugu. Hurrengo asteetan prozesuei buruzko informazio guztia helaraziko dizuegu.

The post 2025/07/21: Ikasturte amaiera eta prozesuen hasiera. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.