2025-07-03 10:27

Haurreskolak Partzuergoaren egoerarekin oso arduratuta gaude. Uztailaren 3 den honetan, oraindik datorren ikasturtea hasteko ezinbestekoak diren lan asko burutu gabe daude. Hilabeteak dira bilerak eta Mahai Negoziatzaileak eskatzen ari garela STEILAetik gai desberdinak lantzeko baina gaur gaurkoz ez dugu erantzun zehatzik jaso inongo gairen inguruan.

Hasteko, haurreskoletako Lanpostuen Zerrenda oraindik egin gabe dago. Zerrenda horretan haurreskola bakoitzean irailaren 1etik aurrera egon beharko diren hezitzaile kopurua zehazten da. Gogoratu nahi dugu 2024ko apirilean LABek eta STEILASek sinatu genuen akordioari esker 64 lanpostu berri sortu direla (39 osoan eta 25 murriztuan), eta ondorioz LZ handitu egin dela. Sortu diren lanpostu horiek, gaur gaurkoz, ez dakigu oraindik nola beteko diren; izan ere, LEP bezala eskaini ahal dira (murriztuak derrigor) eta osoak Lekua Aldatze Lehiaketara atera ahal dira edo eta LEP modura eskaini. Eskaintza hori nola burutuko den ere azalpenik ez dugu, ez dakigu online egingo duten edo telefonoz egingo duten eskaintza.
Jarraitzeko ez dakigu aurten Leku-aldatze lehiaketarik egongo den. Otsailean sinatutako Lan Hitzarmenaren zati bat soilik dago gaur egun indarrean, eta Leku Aldatze Lehiaketa (LAL) urtero egingo dela jasotzen duen artikulua, Lan Hitzarmeana EHAAan argitaratu arte ez da indarrean egongo. Ondorioz aurten ez daude derrigortuta LALa deitzera. Honek ondorioak izan ditzake, hala nola irailean hezitzaileen mugimenduak areagotzea.
Honetaz gain, ordezkapen telematikoen aplikatiboa irailaren 1ean ez da martxan egongo. Honen inguruko informazioa eskatu dugu zuekin partekatu ahal izateko; izan ere, aplikatiboarekin batera ordezkoen araudi berria martxan jarriko da, baina oraingoz jakin izan dugun bakarra irailaren erdialdera-edo martxan jartzeko asmoa omen dutela da.

Honi lotuta ere, gogoratu beharra dago irailaren 1etik aurrera indarrean jarraituko duten kontratuei uko egiteko epea zabaldu behar dutela, baina ez dakigu noiz egingo duten.
Hau guztia gutxi balitz, harriduraz jaso dugu Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen atzoko erabakia: haurren ez-ohiko izen emate epe berri bat zabaltzea.
Beste behin ere agerian geratzen da inprobisazioa eta planifikazio eza nagusi direla.
Steilasetik Haurreskolak Partzuergoko haurren izen-ematea Euskal Eskola Publikoaren izen-ematearekin batera egitea aldarrikatzen jarraituko dugu, hau otsailean izanik denbora soberan izango baikenuke uztailerako dena antolatua izateko. Gainera datorren ikasturtean uztaila hasieran itxiko dira Haurreskola gehieneak eta aurtengoa bezalako inprobisazioarako aukerarik ez da egongo.
Onartezina da uztailean egon arren oraindik datorren ikasturtea antolatu gabe egotea eta gaur egun bizitzen ari diren egoerak bizitzea.
Haurreskoletan kalitatezko zerbitzua eskaintzeko, behar-beharrezkoa da planifikazioa
eta antolaketa egokia, baita langileon lanaren aitortza eta errespetua ere.

Azkenik, salatu nahi dugu ekainaren 23an egin genuen bezala, ekaina bukaera eta uztailean zehar haurreskoletan ordezkapenak ez direla betetzen ari. Onartezina da lan zama berarekin hezitzaile gutxiago lana aurerra ateratzea honek dakartzan ondorioekin haurrentzat, langileentzat eta ondorioz, zerbitzuaren kalitatearentzat. Ordezkapen guztiak betetzea ezinbestekoa da.

The post 2025/07/03: Planifikazio gabeko ikasturte amaiera appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.