2024-04-13 13:14

Apirilaren 13an egin dugu 2023-2024 ikasturteko bigarren Kontseilu Nazionala Bilbon, STEILAS sindikatuaren egoitzan. Goizeko lehenengo partean, Bizigarritasun Plan Feminista aurkeztu dute berau osatzeko lanetan Emagin elkartearekin batera aritu den STEILASeko kideen lan-taldea. Esan dutenez, hainbat eremu jaso ditu dokumentuak: antolaketa-egitura, lan eta funtzionamendu ereduak, bizitza pertsonala, profesionala eta zaintza ardurak bateratzea, indarkeria matxista, eta erakunde-kultura eta iruditeria (kanpo komunikazioa eta ekimenak).

Bizigarritasun Plan Feministaren ekintzetako bat da, hain zuzen ere, Emagineko Idoia Arraiza eta Monica Mendiberrik aurkeztu duten “Eraso matxistei aurre egiteko protokoloa”, azken urteko lanketaren ondorioz sortua. Horren ostean, bozketa egin eta onartu egin dute kontseilukideek aipatutako plana.

Goizaren bigarren partean, aldiz, Amelia Barquín filologoa eta hezkuntza interkulturaleko irakaslearen hitzaldia jaso dugu: “Etorkinen seme-alabak, euskara, eskola”. Lehenik eta behin, Ikuspegik eta Eustatek partekatzen dituzten datuak aurkeztu ditu, jatorri atzerritarreko pertsonen bolumena eta ama atzerritarra duten jaioberrien kopuruari dagokionez. Horren harira, segregazioaz aritu gara, eta aipatu dugu gizarteak azken urteetan bideratu egin duela etorkinen seme-alabak A eredutik D eredura igarotzea, eta norbaitek pentsa dezakeela horrekin nahikoa dela. Hausnartzekoa da, bestalde, nola dauden ume horiek.

Izan ere, sarri ikastetxe segregatuetan egoten dira, prestigio sozial txikia dutenetan, baliabide nahikorik ez dutenetan, prestakuntza nahikorik ez duten irakasleekin, beraien familiako hizkuntza ez den hizkuntza batean ikasten, euskal hezkuntza-sistema eta euskal gizartea ezagutzen ez duten familietan… Horrez gain, kontuan izan behar da familia laguntza jasotzeko aukera mugatuak dituztela, baita eskolaz kanpoko errefortsua jasotzeko ere. Aisialdiari dagokionez ere, arrakala handia dago.

Hortaz, ondorengo galdera planteatu digu Barquínek: tranpa egiten ari gara? Izan ere, nahikoa da A eredutik D eredura igarotzearekin? Zer beharko genuke?

Azken batean, ez dugu ahaztu arrazakeria eta diskriminazioa jasotzen duten haurrak direla. Horren harira, egonezin identitarioaren gaineko hausnarketa ere egin dugu: nongoak dira etorkinen seme-alabak? Noiz uzten diote etorkin izateari? Guzti honen gaineko eztabaida eta gogoeta egiten eman diogu amaiera gaurko saioari.

The post 2023-2024 ikasturteko bigarren Kontseilu Nazionala egin dugu appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.