Euskaraldiaren lehen edizioak “nabarmen astindu zituen” bertan parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak ariketaren 11 egunetan eta, era berean, hiru hilabete beranduago aldaketa horiei “proportzio altuan eutsi egin” zitzaien. Horixe da Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz emaitzen azterketatik atera den ondorio nagusietako bat, Soziolinguistika Klusterrak egin duen ikerketa baten arabera. Azterlana burutzeko Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia lankidetzan aritu dira, Klusterrarekin eta Euskaltzaleen Topagunearekin batera, eta gaur horren xehetasunak aditzera eman dituzte Donostian egin den prentsaurreko batean.
‘Euskaraldia I. Emaitzen azterketa’ lanaren aurkezpena EHUko Gipuzkoako campusean egin da, eta bertan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko Gipuzkoako zuzendaria; Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea; Pello Jauregi, ikerketaren zuzendaria; eta Uxoa Anduaga, Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria. Ikerketa Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egin da, gainontzeko erakundeekin lankidetzan, eta ondorioak honako helbide honetan kontsultatu daitezke: https//euskaraldia.eus/2018-ikerketa/
Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu du ikerketa “Euskaraldiaren lehen edizioaren eragin praktikoen gaineko erradiografia bat” dela: “Hasieratik esan genuen Euskaraldia ez zela joko bat; hizkuntza ohituretan eragin nahi duen ekimen masibo eta berritzailea da. Helburua eragitea da, eta ikerketari esker neurtu ahal izan dugu zein neurritan izan den eraginkorra. Milaka herritarren hizkuntza praktikak aztertu dira azterlan honetan, eta esan dezakegu Euskaraldiaren lehen edizioaren eragin praktikoen gaineko erradiografia bat dakarkigula lan honek”.
Garbiñe Mendizabalek adierazi du "ekimen ausartak" behar dituela euskarak: “Euskararen erabilera indartuko badugu, ekimen berritzaileak, ausartak, auzolanean oinarrituak, behar ditugu. Horregatik da hain pozgarria ikustea 2016an Lasarte-Orian ereindako hazi hura sustraitzen ari dela. Ikusi besterik ez dago herriz herri ekimena dinamizatzeko sortutako batzordeetan herritarrek erakutsitako inplikazioa eta gogoa. Errealitate hau sendotzen joan dadin berebiziko garrantzia izango dute ikerketa honek utzitako emaitzek”.
Elena Lakak irekitako bidearen garrantzia nabarmendu du: “Euskaraldiaren lehen edizioak balio izan du hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko. Euskaraldia abiatu genuenean bagenekien, eta halaxe adierazi genuen, hizkuntza ohiturak aldatzea eta gizartean aldaketak egitea epe luzerako lana dela. Ikerketa honek berretsi egin du adierazitakoa: Euskaraldia lehen urrats bat izan da hizkuntza ohituren aldaketan, eta orain aldaketa gauza dadin eragina handitzen jarraitu behar dugu. Ahobizi eta belarriprest jokaerak sakondu behar ditugu, eremu berrietara zabaldu beharra dago, eta gizarte eta era guztietako erakundeen babesa eskaini behar diogu euskaraz bizitzea erabakitzen duen pertsona orori. Hori izango da hurrengo Euskaraldien helburua”.
Ikerketa proiektuaren baitan bi iker lerro jorratu dira: kualitatiboa eta kuantitatiboa. Iker lerro kuantitatiboak Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohituren aldaketan eraginik izan duen eta eragin hori nolakoa izan den ikustea du xede. Horretarako, azterketa longitudinal bat egin da, ekimeneko hiru une desberdinetan herritarren hizkuntza ohiturak nolakoak diren neurtu dituena. Neurketa horiek hiru galdetegiren bidez burutu dira, guztiak ere e-mail bidez igorri direnak. Ikerketan hiru galdetegiak bete dituzten pertsonen emaitzak hartu dira soilik kontuan:
Euskal soziolinguistikan gutxitan egin dira halako lagin handiak dituzten ikerketa longitudinalak, eta horrek balio eta sendotasun handia ematen die aurkeztutako emaitzei. Guztira 18.383 pertsonak bete dituzte hiru galdetegiak eta hori da aztertu den lagina. Galdetegiak betetzeko borondatea izan duten pertsonen erantzunak direla kontuan hartu behar da emaitzak irakurtzerakoan. Lagina Euskaraldian izena emandako populazioarekin alderatuz, antzeman daiteke zertxobait femeninoagoa dela; ahobizi-en presentzia handiagoa dela; eta adinean zein lurraldeen banaketa nahiko paretsua dela.
Azterketa kualitatiboak Euskaraldiaren inguruan sortu diren diskurtso sozialak aztertu ditu, parte-hartzaileen (ahobizi eta belarriprest-en) zein ekimeneko antolatzaileen lekukotzak jasoz. Horretarako, Euskaraldian izena eman duten herrien lagin bat osatu da lau aldagai erabiliz: lurraldea, gune soziolinguistikoa, hiri/herrien dentsitate demografikoa eta, azkenik, batzordeen jarduera edo aktibitate maila.
Pello Jauregi ikerketaren zuzendariak eta Uxoa Anduaga Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak azaldu dituzte ikerketaren ezaugarri nagusiak eta ondorioak. Pello Jauregi irakasleak azpimarratu duenez, “Euskaraldiak parte-hartzaileen hizkuntza-erabileran aldaketa handiak eragin ditu ariketaren 11 egunetan; eta hiru hilabete beranduago aldaketa horiei proportzio altuan eutsi egin zaie”. Uxoa Anduaga soziologoak nabarmendu du “euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek egin dutela aldaketa handiena; Euskaraldiaren hasieran euskarazko gaitasun eta erabilera altua zutenek edo zonalde oso euskaldunetan bizi zirenek baino aldaketa handiagoa”.
Aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldia euskaraldiaren azterketari eta aurrera begirako ikasgaiak ateratzeari eskainiko zaio. Hamaikagarren edizioa Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean antolatu dute. "Euskaraldia Aztergai”’ izenburupean egingo da jardunaldia urriaren 9an, Tolosako Topic zentroan.
Gaur aurkeztutako ikerketaren emaitzak eta ondorioak xehetasunean ezagutzeko aukera izango da. Euskaraldiari buruz egin diren beste zenbait ikerlan ere aurkeztuko dira. Parte- hartzaileek elkarrekin landuko dituzte emaitza hauetatik atera daitezkeen ikasgaiak eta zenbait adituk egiten dituzten interpretazioak entzuteko aukera ere izango da.
Egitarau osoa, informazio gehiago eta izen-ematea www.soziolinguistika.eus/euskaraldiaaztergai atarian daude eskuragarri.