2021-01-25 14:41

2017an jasotako datuen bitartez, laugarren aldiz aztertu da Arrue Ikerketan EAEko ikasleen eskola-giroko euskararen erabilera, bi ikasmailetan: LH4 (9-10 urte) eta DBH2 (13-14 urte). Lan honek jarraipena ematen dio aurretik 2011, 2013 eta 2015eko datuekin egindako azterketei.

Arrue Ikerketan aztertzen diren datuak Ebaluazio Diagnostikoaren baitan jaso dira. Hala, guztira 19.000 ikasle baino gehiagoren hizkuntza erabilera aztertu ahal izan da ikasmaila bakoitzean.

Ikerketaren helburu nagusia da EAEko ikasleen eskola giroko hizkuntza erabilerak -eta bereziki, euskarazko jarduna- zer-nolakoak eta zenbatekoak diren aztertzea. Azken finean, ebidentzia enpiriko garrantzitsua bildu eta sistematizatu nahi da, euskararen erabilera (eskola-munduan) normaltzeko egiten diren ekinaldiei etekinik hoberena nola atera pentsatzeko eta adosteko.

Horretarako, eskola giroko ikasleen hizkuntza-erabilera datuen arteko alderaketa egiten da: euren artekoa gela barruan nahiz jolaslekuan eta irakasleekikoa gelan nahiz gelatik kanpo.

Lau aldagai horietatik elikatuz sortzen da “eskolako erabilera orokorra” indizea, eta 2011-2017 arteko bilakaera-datuei erreparatuz esan daiteke ikasleen eskolako erabilera orokorra aurreko urteetako maila bertsuan dagoela, goranzko joera xumea erakutsiz: LH4n 2011tik 2017ra 2,1 puntuko igoera izan du, eta DBH2n, berriz, bi urte horietako erabilerak ia maila berean daude (0,8 puntu altuagoa azken neurketakoa).

Argitalpenean, solaskide eta eremu desberdinen araberako hizkuntza-erabilerak alderatzeaz gain, datuak ikasleen hamarnaka ezaugarrirekin gurutzatuta aztertzen dira. Bertan ikus daiteke, esaterako, D ereduko ikasleen lau erabileretan eta bi ikasmailetan 2017ko datuak 2011koak baino baxuagoak direla (LH4ko ikaskideekin jolaslekuan erabileraren salbuespenarekin).

Azkenik, nabarmentzekoa da bigarren aldiz egin dela izaera longitudinaleko azterketa; hau da, gizatalde berak denboran zehar izandako bilakaera aztertu da. Izan ere, 2011ean LH4n ziren ikasle gehien-gehienak 2015ean DBH2n egon ziren, eta berdin gertatzen da 2013-2017koekin ere. Hala, 2013an LH4n zen ikasleriak DBH2ra iristean (2017) eskolako erabileretan izan duen atzerakada 2011ko ikasleek tarte berean izan zutena baino handiagoa izan dela ikusi da.

Aztertutako hizkuntza-erabilera datuen irakurketa soziolinguistikoa eginaz, gaur egun EAEn gizarteko batez bestekoa baino nabarmen euskaldunagoa den esparru bat eratzeko gaitasuna ikusi zaio eskolari, esparru gisa. Esparru horren baitako euskarazko hizkuntza-erabilera batzuk, egoera eta adin batzuetan, gizarteko orokorraren oso gainetik daudelako. Baina eskolaren gaitasun horren mugak ere agerian gelditu dira.

Eskolaren gaitasun eta muga soziolinguistikoen gaineko irakurketa egiteko, hizkuntza-sozializazioaren ikuspegia landu da ikerketan. Ikuspuntu teoriko horren arabera esan daiteke, adinarekin batera ikasleek euren sozializazioan aurrera egin ahala, gizartearen eragina indar handiagoz sartzen dela eskolako ingurunean, besteak beste, baita hizkuntzak erabiltzeko gizarte-arau inplizituak ere.

Ondorioz, eta EAEn gaur egun kasurik gehienetan gizarte-ingurunea eskolakoa baino (askoz) erdaldunagoa denez, ikasle helduagoen euskarazko erabilerak (kasu honetan, DBH2), oro har, baxuagoak dira ikasle gazteagoenak baino (kasu honetan, LH4). Gainera, gero eta ikasleen proportzio handiagok “euskaraz ikasten” duen arren (D irakastereduan), egunero, bide ezberdin askotatik eta indar handiz daude presente, ikasleen eguneroko bizitzan, hizkuntza nagusiak â€'gaztelania eta, neurri apalagoan, ingelesa-.

Hori guztia dela eta, komenigarritzat jo da D irakastereduaren inguruko zenbait hausnarketa mahai gainean jartzea, aztertzeko nolako osagarriak, indartzeak edo baliabide berriak behar diren, eskolak euskarazko ingurune eraginkor bat eskaintzeko dituen zailtasunak orekatzen ahalegintzeko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ikerketa da Arrue. Hamabost urte inguruko ibilbidea egina du eskola giroko hizkuntza-erabilera hainbat ikuspegitatik aztertzen. Proiektua teknikoki gidatzen dute Soziolinguistika Klusterrak, ISEI-IVEIk, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Hezkuntza Sailak berak.

2011-2017 argitalpen honetan egindako azterketen emaitza nagusiak jasotzen dira (Txosten exekutiboa), euskaraz zein gaztelaniaz. Horrez gain, txosten teknikoetan datu eta xehetasun gehiago eskaintzen dira.

Hemen ikus daiteke argitalpena (euskaraz eta gaztelaniaz):

             

 

Emaitza guztiak eta xehetasunak jasotzen dituen TXOSTEN TEKNIKOA, euskaraz eta gaztelaniaz

Arrue Ikerketaren gaineko hitzaldia, 2020ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldian: https://vimeo.com/480204644

Arrue Ikerketaren atala, Soziolinguistika Klusterraren webgunean: http://www.soziolinguistika.eus/arrue

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskara Biziberritzeko Ikergunea