2022-08-10 11:46

Banden I. Topaketaren izen ematea ireki da, eta irailaren 16an jokatuko da Lezon.

Euskarazko musika eszena astintzeko gogoz dabiltza Piztu Lezo taldeko kideak, eta buru belarri ari dira Lezo BTren lehen edizioaren antolaketan. Bidelagun dute Lezoko Udala, diruz lagunduko baitu ekimena. 

Topaketak talde hasiberriak ezagutzera emateko plaza bilakatu nahi du, baita euskarazko musikaren sorkuntza bultzatu ere. Horregatik, antolatzaileak ekimena ahalik eta gehien zabaltzeko ahaleginetan ari dira, izen emateen esperoan. 

Baldintza bakarra euskarazko abestiak taularatzea denez, Lezoko taldeek, Oiartzualdekoek zein Euskal Herri osokoek izanen dute topaketarako haien burua aurkezteko aukera. Abuztuaren 15ean itxiko da izen ematea, eta www.piztulezo.eus/lezo-bt atarian galdetegia betez egin daiteke. Ondotik, Piztu Lezo arduratuko da musika taldeen hautaketa egiteaz, eta abuztuaren xxan jakinaraziko dute zerrenda. 

Banden topaketa lehia hutsa izango ez den arren, saria ere jarri dute: 2023ko Lezoko mendekosteetako kontzertuetako talde nagusia izatea. 

Ekimenarekin jendea euskarazko musika sortzera bultzatu nahi dute, eta Lezo bilakatu Euskal Herriko musikazaleen bilgune. Hala, Euskal Herriko musikazaleak gonbidatu dituzte banden topaketan izena ematera, eta talde hasiberriak babesteko Lezora joatera.

Labur-labur

Zer: Banden I. Topaketa (Lezo BT)

Noiz: 2022ko irailaren 16an

Non: Lezoko Saldise plazan

Antolatzaileak: Piztu Lezo

Babeslea: Lezoko Udala

Musika taldeentzat izen ematea: www.piztulezo.eus/lezo-bt atarian.

Epeak: abuztuaren 1etik abuztuaren 15era. 

Topaketara sarrera: izen ematerik gabe eta doakoa.

Segi Lezo pizten!