2020-09-19 12:00

Grebaren ajea igarota, interinoen kolektiboa osatzen dugun irakasle askori funtsezkoa iruditzen zaigu jendarteari eta erakundeei gure sektorearen lan-problematika ganoraz azaltzea (edo gogoraraztea) eta beraiekin elkarrizketa sano eta zintzo bat hastea, elkar ulertzeaz gain elkarlanarekiko grina pizteko esperantzarekin.

Lehenik eta behin, ezin dugu ahaztu astearteko greba, behar-beharrezkoa gehiengo batentzat, salbuespen-greba izan dela, hau da, helburua izan da salbuespen egoera baten aurrean EJ-GVk hartutako erabaki eta plangintza kaxkar-arduragabe-tranpatiak salatzea eta konponbide adostu bat eskatzea. Baina ezin dugu ahaztu sektoreak berez, pandemiatik at, azken urteetan pairatu duen prekarizazio nabarmen bezain kezkagarria.

Azken grebako aldarrikapenetan ez da ez soldata-aldarrikapenik egon; ezta egonkortze prozesu tranpatiaren aurkako ezer, ezta EPEek azken urteotan utzitako lanpostu hutsei buruzko ezer. Ezta EPE azterketak izurrite baten erdian egiteak sortuko dituen aukera-ezberdintasunei buruzko ezer. Ez da aipatu ezta ere orain dela bi urte ordezkagunea martxan jarri zenetik egunero-egunero lanpostu fiktizioak esleitzen direla ordezkagunearen bitartez (edo bi pertsonari plaza bera) eta lankide askok ikastetxeetara alferrik joan behar izaten duela, gehienetan administrazioak “konponbideak” bilatzen dituen arren: mahukatik atera beste pertsona bati egokitu beharko litzaiokeen lanpostua eta listo, baina alferrik galdutako ordu, gasolina eta peajeak ez ditu inoiz ordaintzen.

Hori guztia sekundariotzat jotzen du jende askok momentu honetan. Baina beharbada, gizarte honek ez daki – edo hobe esanda, ez diote ulertzen uzten – osasun larrialdiaren kudeaketa negargarria eta aipatu ditudan beste kasu guztiak iceberg berberaren atal desberdinak direla. Iceberg hori egoeraren arabera aldatu egiten da eta mutur desberdinak agertu eta izkutatzen dira, baina funtsean izozmendi beraren geruza desberdinak dira.

Oraingoan asuntorik kezkagarriena ikasturte hasiera da. Eta logikoa da oso, larrua arriskatzen ari baikara. Baina hemendik denbora gutxira, lehenengo kutsaketak mordotzen hasten direnean, burbuila taldeen kudeaketa da kinka larrian egongo dena – hainbat ikastetxetan irakasle bakar bat 6 burbuila talde desberdinetan sartzen ari da –. 

Abendu-urtarrilean, aldiz, bienalaren BECen EPE-azterketak egin ondoren kutsaketak izugarri igotzen direnean, iritzi publikoaren arreta larrialdi konkretu horretan jarriko dugu. Eta egun batzuk geroxeago, etxean gaixorik geratu behar izan dutenen erreklamazioak pilatzen hasten direnean, orduan eta ez lehenago jarriko dugu arreta asunto horretan. Baina epelaburkeriaz lainotutako betaurrekoak kentzen baditugu, eta guzti honi ikuspegi zabalago batetik begiratzen badiogu, ohartuko gara horiek guztiak gure hezkuntza sistema publikoa hondoratu dezakeen iceberg beraren atalak direla.

Iceberg hori EJ-GVren urteetako hezkuntza-politikaren muina da: hezkuntza publikoan zenbat eta gehiago murriztu/aurreztu, orduan eta hobeto, itunpekoan ahalik eta gehien inbertitzeko. Hori, gutxienez, ILP eskola inklusibotik dakigu, edo jakin beharko genuke. Horregatik, hain zuzen, DBH-Euskara eta Literatura espezialitatean, azken EPEan eskainitako lanpostuen %75a baino ez zen banatu, 108 lanpostutatik 81. Are larriagoa da DBH-Gaztelera eta Literatura espezialitatearen kasua. EPE 2016n %55a baino ez zen banatu (74tik 41) eta EPE 2018n %39a baino ez (141etik 56).

Lankide askok ondokoa galdetzen diogu gure buruari: EPEa kosta ahala kosta aurten egitearen kasketaldi hori ez ote da izango aurrezteko estrategia bat? Izurrite baten erdian, azken 40 urteotako ikasturterik zail eta gogorrenaren erdian EPEa egiteak ahalik eta lanpostu gutxien banatzea ahalbideratuko du. Izena eman zuten asko eta asko joan gabe geratuko dira, prebentzioz edo gaixorik daudelako. Eta irakasleon betebeharrak biderkatu diren ikasturte honetan gutxi batzuek baino ez dute ganoraz prestatzeko aukerarik izango. Horrek guztiak ezberdintasun larriak sortuko ditu hautagaien artean. Baina Hezkuntzari bost, argi dago EJ-GVk lanpostu finkoa oso-oso garesti jartzeko ohitura duela, publikoan ahalik eta gehien aurreztu ahal izateko. Urteetako kontratazio politika hori mantenduz heldu gara %45eko interinitatera.

Icebergaren beste muturretako bat ikasturte hasiera eskalonatu-tranpatia da. Ikasturtearen araberako itzulera mailakatu (HH, LH eta DBH 1-2 irailaren 7an; DBH 3-4 eta Batx. 14an, e. a.) horren atzean dagoena ez da osasuna, asunto horrekin inprobizazioz jokatu dutela argi ikusi baitugu. Osasuna hain garrantzitsua izan balitz, uztaileko hauteskunde-zirkuaren ordez, itzulera seguru bat bermatuko lukeen plangintza prestatzen eman izango zuketen hilabetea. Horren atzean dagoena ondokoa da: bitarteko bakantedunak zenbat eta beranduago lanean hasi, hobeto, horrela iraila hasierako aste/egun horiek aurrezten baititu EJ-GVk.

Aurrezteko grin/zekenkeri hori ondokoan igarri dugu baita ere: abuztuko esleipenetan ez ziren bakante guztiak agertu, urte osoko bakante asko eta asko irailean esleitu dira, horrela bakantedunen portzentai handi bat beranduago bueltatu delako lanera: irailaren 7an, 14an, 16an, eta abar, espezialitatearen arabera. Eta bakanteen zati handi bat irailerako erreserbatzeko estrategia horri, aurten HH eta LHn egonkortze prozesua abian jarri dela ikusita, ustel usaina dario, tongo usaina. Puntuazio altudun (40 puntutik gora) hautagai ugari lanaldi-murriztuko bakantea lortu dute abuztuan eta gero irailean puntuazio erdiarekin hautagi batzuek urtebeteko bakantea lortu dute, lanaldi osoan.

Bestalde, ezin ahaztu konfinamenduan zehar hezkuntzak ordezkapenak esleitzeari utzi ziola, bajan zeuden irakasle asko etxetik lan egitera behartuz. Irakurtzen duzun bezala, irakurle hori, gauetik egunera ordezkapenak esleitzeko plataforma – ordezkagunea – eten egin zuten eta etxean bajan zeuden irakasle asko telematikoki lan egitera behartu zituzten. Horrek gainera ondorio latzak izan ditu ordezkoen artean: konfinamenduak ordezko asko lanik gabe harrapatu zituen, eta hori dela eta asko ez dira uda kobratzeko egun kopuru minimora ailegatu (165). Eta horri, lehenago aipatu ditudan amarruak gehitzen badizkiogu, ordezkoen portzentai bat miseria gorrian bizi da momentu honetan. Batzuk sei hilabete daramatzate ezer (edo ia ezer) kobratu gabe.

Azken ordua kontuan hartuz gero, antzeko adibideak ikusten ditugu nonahi. Esate baterako, greba aurreko egunean, 14an, ordezkagunea eten egin zuten, lanposturik ez esleitzeko. Greba egiteagatik, zigor moduan, ordezkapenik ez. Beste adibide bat Bilboko Unamuno institutuan gertatutakoa: ordezkapena betetzeko irailaren 1ean eskatu zuten eta ordezkoa 15ean agertu da. 

Guraso askok galdetuko dute: eta aurreko guztiak zer eragin du gure hezkuntza publikoaren “bezeroengan”? Funtsean hau: langileak beti kolokan, beldurrez beteta bizi badira, ikasleei trasmitituko dietena hori izango da: beldurra, ziurgabetasuna, estresa eta desesperazioa. Kalitatezko hezkuntza ezezik, edozer. Azken batean, maltzurkeriz egindako politika horiek guztiak ordainduko dutenak euskal hezkuntza publikoko ikasleak dira, ez dezagun ahaztu. 

Kalitatezko hezkuntza bat bermatzeko, aldebakartasun, zekenkeri, epelaburkeri eta austeritate irizpideak baino, beste asko behar ditugu: estamentu desberdinen arteko komunikazioa, elkar-ulertzea, elkarlana, elkartasuna, inbertsioa, adostasuna, hobekuntzarako grina, kontratazio sistema duin, garden eta bidezkoa, e. a. Horiek gabe ez goaz inora; EJ-GVren icebergak hezkuntza publikoaren Titanic-a behingoz ondoratzeko arriskua gero eta handiagoa da. Gelditzen ez badugu behintzat.

INTERINOEN GREBA osatzen dugun 508 lankideok argi daukagu EJ-GVren politika suntsitzaileak geldiarazi behar ditugula, gure hezkuntza sistema publikoa eta gu guztion osasuna eta ongizatea babesteko. Erasoen aurrean beste alde batera begiratzen dugun bakoitzean gonbita luzatzen ari diegu ikasle eta langileon lana eta bizitzaren aurkako eraso gehiago egin ditzaten. Laguntzerik inork?

EAEko hezkuntza publikoko irakasle interinoen taldea, interinoen lan-gatazka ezagutzera eman eta hezkuntza publikoaren eskubideen alde borrokatzeko sortua.