2021-05-27 09:49

FITXA

Talleres Mitxelena

Zer egiten du: Tamaina oso handiko piezak mekanizatu.

Noiz sortua: 1957an.

Zenbat bazkide eta langile: 30 langile, horietatik 27 bazkide.

Harremanetarako: info@talleresmitxelena.com / 943 55 25 12

Non kokatua: Hernanin.


Azken lau urte hauetan kooperatibagintzari buruzko hausnarketak landu dituzte Mitxelena tailerreko langileek. Kooperatiba sortu zutenei eta haien etxekoei eskertza egin zieten eta haiengandik “egina jaso” duten lan eredu hau baloratzeko eta kontzientzia hartzeko hiru saio egin dituzte. Denbora libreko orduetan joan dira batzuetan lantokira formazioa jaso eta eztabaidatzera, eta makinak gelditu dituzte beste batzuetan hausnarketa hori egiteko. Enpresan parte-hartzea eta inplikazioa handitzen laguntzen duen sormen taldea dute martxan eta barne araudia zein estatutuak aztertzea da emango duten hurrengo pausoa, nolako kooperatiba eredua izan nahi duten erabakitzeko.

“Tailerreko langileon artean kooperatibagintzari buruz hitz egiten egotea edo kooperatibagintzak munduak zer eragin duen edo zer kooperatibagintza eredu ezberdin dauden aztertzen aritzea… hori oso berria izan da guretzat eta horretarako makinak gelditu egin dira gainera”, azaldu dute Talleres Mitxelenako langileek. Kooperatiba ez zutela haiek sortu eta batzuetan eginda jasotakoa ez baloratzeko arriskua egoten dela diote. Izan ere, 1957an sortu zen enpresa eta 90eko hamarkadan langileak egin ziren jabe, SL forma juridikoa hartuz. 2000. urtean bihurtu zen kooperatiba.

Baina tailerreko lanetik ere era bateko mundua edo beste molde batekoa eraiki daitekeela pentsa daiteke, langile hauek beren jarduera nola definitzen duten ikusita: “Pieza oso-oso handiak mekanizatzea da gure lana. Hein batean zerbitzu enpresa gara: enkargua egiten digunak jartzen digu pieza eta egiten du planoa. Gu espezialistak gara mekanizatzen eta gure bereizgarria da guk pieza bakarra egiten dugula, ez dugula inoiz seriatua egiten. Makinan dauden langileek ematen diote forma piezari eta beraiek programatzen dute: sektorean joera justu kontrakoa izaten ari da, sistematizazioa, pertsona batek programatzea eta beste batek makinari ematea, zer egiten duen jakin gabe. Guk ez dugu hori nahi, gauza askogatik: makinaren parean dagoen pertsonagatik, gure filosofiatik kanpo dagoelako automatizazioa eta gure burua ez dugulako merkatuan horretan ikusten, horrek eramaten zaituelako beste negoziazio eta bezeroekin beste harreman mota batzuetara, eta ez dugu hori nahi”.

Sortzaileei eta etxekoei aitortza

2019ko irailean jubilatu zen sortzaileetan azken langilea, eta ospakizuna baliatuz omenaldia egin zieten sortzaileei eta haien etxekoei, soka-dantza eginaz. “Oso garbi genuen etxekoei ere eskertza egin behar geniela, garai hartan ez baitzen posible izango sortzaileak egunean 12 ordu dena ematen egotea, beste batzuek etxeari eusten egon ez balira”.

Bertan lanean hasterako kooperatiba martxan ezagutu duten langileek kontzientzia hartzea beharrezko dela diote: “Norberak sortzeko lana egin ez duenean, askotan ez da baloratzen. Horregatik hasi gara hausnartzen, eztabaidatzen, ea kooperatibagintzaren inguruan kontzientzia hartzen dugun. Bestela badirudi kooperatiba dela dirua dagoenean banatzea eta batzarrera joatea baina aktiboki parte hartu gabe”. Azken lau urte hauetan ari dira gogoetak bultzatzen:

Gelditu makinak eta hausnartu

Farapi kooperatibak gidatuta “Erakide” erraminta aplikatzen lehenetarikoa izan zen Talleres Mitxelena. Erakidek erantzukidetasun sozialean enpresa nola dagoen diagnostikoa egiten du puntuz puntu hainbat eremu aztertuz: adibidez parte-hartzea, berdintasuna, zer harreman dituzten hornitzaileekin… “Erakide erramintaren bidez talde txikitako eztabaidetatik langileon bi heren pasatu ginen”, azaldu dute. Prozesu hau egin ostean, denen artean lehentasunezko zitzaien bi gai aukeratu zituzten: barne-komunikazioa eta parte-hartzea. Eta parte-hartzea sustatzeko moduen artean atera zen sormen-taldearen ideia (artikuluan beherago azalduko dugu zer den).

Farapirekin egindako prozesu horren ostean, hiru saio egin dituzte EHUko Gezki institutuarekin. Saio horietako batean azaldu zien Gezkik kooperatibagintzaren historia; beste saio batean azaldu zieten kooperatiba izateak zer ondorio dituen legez; eta hirugarren saioan azaldu zieten kooperatibagintza munduan eragiten ari dena eta zein kooperatiba eredu dauden. “Saio hauen ostean, bakoitzak bere ideiak partekatzen ditu eta eztabaida sortzen da modu naturalean, adibidez nolako gobernantza nahi dugun, non ikusten ditugun gure hutsuneak, parte-hartzea handitu nahia…”.

Zer egiten du sormen taldeak?

“Ikusten genuen proiektuaren parte sentitzeko, ekintza dela gakoa, hau da, ez dela aski batzarrean iritzia emate hutsa, zerbait egiteak berak egiten zaituela benetan parte”. Horretarako sortu zuten sormen taldea: bertan edozein langile elkartu daiteke, proiektu bat proposatu eta exekutatzeko. Sormen taldeko lanketatik berritu zuten bentilazio eta berotze sistema, eta orain espazio komunen hausnarketa egiten ari dira: sukaldeari zer nolako erabilera eman, zein behar ikusten dituzten… “Proiektu horretan interesa duten pertsonek eramaten dute aurrera: proposamena egiten dute, batzarrean beste lankideen aurrean azaltzen dute eta exekutatu ere bai. Eta pertsona horiek parte sentitzen dira”.

Makinak gelditu eta kooperatibagintzari buruz hausnartzeak hainbat aldaketa ekarri ditu, beraz, Talleres Mitxelenan: sormen taldea eratzea, honek hainbat proiektu burutzea, inplikazioa gehitzea… eta hurrengo urratsa, barne araudia eta estatutuak berritzea izango da: “Prozesu parte-hartzailea egiten ari gara barne araudia eta estatutuak berritzeko. Orain da eztabaidatzeko garaia, nolako kooperatiba izan nahi dugun”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea Saretzen