2019-05-06 09:32
2019ko Foru eta Udal-hauteskundeetarako proposamena. Datozen lau urteetan garatzeko politika, eginbehar eta ekintza zehatzen proposamena naturaren kontserbazioren eta ingurumenaren alde.
 
Proposamena: naturaren kontserbazioaren aldeko eginbeharrak hauteskundeetarako programak idaztekoan kontuan hartzeko.
 
 
ALDUNDIAREN ESKUMEN DIREN ERABAKIAK
 
OROKORRAK
- Mendietako eta natura inguruneko sailaren giza baliabideak emendatzea, basozain kopurua handituz eta natur kontserbazioaren zein biodibertsitatearen zaintza eta berreskurapenera bideratutako aurrekontuak handituz.
- Mendietako eta natura inguruneko sailaren aurrekontuaren % 30 natura kontserbatzera bideratzea.
- Natur eremuen zaintza Ertzaintzarekin eta Udaltzainekin koordinatzea.
- Mendietan, jarduera produktiboak eta estraktiboak ez ezik, aisia-jarduerak, jarduera turistikoak eta kirol-jarduerak (batez ere kirol-probak) ere arautzea eta gatazka denean naturaren errespetua eta kontserbazioa gailentzea.
- Basoen kudeaketaren aldaketa sakona, bertako basoa garatzearen aldekoa, batez ere herri lurretan (pribatuetan ere kontzientziazioa bultzatuz). Eta oxido kuprosoaren fumigazioa geldituz, nahiz eta lurretik egin, «oxido kuprosoa ur ekosistemetan pozoi bihurtzen den fungizida generikoa» delako.
Ikerkuntza:
- Gipuzkoako ingurune naturalaren ezaugarriak eta baldintzak ikusita, natur kontserbazioan oinarritutako lur-eremuen katalogazioa egitea (kontserbaziorako eta egurgintzarako lehentasunak finkatuz)
- Bioaniztasunaren kontserbaziora eta berreskurapenera bideratutako ikerketak sustatzea.
- Gipuzkoan baliabide edo ondasun naturalak ikertzeko gauzatu diren ikerketa guztiak herritarren eskuragarri jarriko dituen plataforma sortu eta arduraz mantentzea.
- Gipuzkoako kostaldearen eta itsas aldearen natur ondarea eta baliabide naturalak ezagutzeko ikerketak sustatzea.
Hezkuntza:
- Ikerketetatik eratorritako ezagutzak zabaltzeko baliabideak  sustatzea (dokumentalak, ibilaldiak, ibilbide autogidatuak, egutegiak, erakusketak, web atariak…) herritar guztientzat.
Parte hartzea:
- Bioaniztasunaren kontseilua operatiboa egitea, behar besteko maiztasunarekin eta baliabideekin. Bioaniztasunaren Kontseiluarekin batera, Ehiza kontseilua eta Arrantza kontseilua arduraz eta fundamentuz kudeatzea, mahai horien operatibitatea eta gardentasuna bermatuz.
- Ingurumen babeserako lanak egiten dituzten elkarteei (sorrerako estatutuetan agertzen direnean), urte bat (bi,hiru...) demostratzen dutenean, onura publikoaren izendapena eskuratu eta beraien salaketetan defentsa juridikoa ordaindu gabea bideratu, benetako ingurumeneko justizia izan dadin.
 
BIOANIZTASUNA
- Bioaniztasunean kalteak eragiten dituzten ekintzak salatzeko PROZEDURA ERRAZAK ETA AZKARRAK diseinatzea eta herritarren esku jartzea.
- Faunak izan ditzala korridore ekologikoak  herrietan, eta herrien artean, alde batetik bestera eremu basatietatik pasa daitezen.
Ikerkuntza:
- Arriskuan dauden espezieen jarraipen zorrotza egiteko eta espezie arrotz inbaditzaileen arriskuak neurtuta eta eguneratuta izateko baliabideak jartzea.
Hezkuntza:
- Gipuzkoako natur inguruneko basabizitza herritarrei eta ikasleei erakusteko baliabideak jartzea Parketxeetatik burutzen den lana indartuz.
- Gipuzkoako natur ingurunea eta bioaniztasuna ezagutarazteko eskoletara bideratutako programak eta baliabideak diseinatu eta gauzatzea. 
 
BABESTUTAKO NATUR EREMUAK
- Zientzian eta ezagutza zientifikoan oinarritutako naturagune babestuen kudeaketa bermatzea.
- Ingurumen legedia errespetatzeko konpromisoa administrazio ezberdinak eta erabiltzaileen aldetik, legez kanpoko jokabideak saihesteko, antzemateko eta zigortzeko beharrezkoak diren bitartekoak jarriz: behar diren basozainak jarri, teknologia berriak erabili zaintzan, eta abar.
- Urte bukaeran urte horretan sartutako salaketak eta tramitazio administratiboak isunetan bukatu direnak argitaratzea, eta tramitazioa bukatu ez dutenentzat zergatia azaldu eta neurriak hartu berriro ez gertatzeko (gutxienez gutxituz joan adibidez kaltearen autorea aurkitu ez diren kasuak...).
- KBE izendatutako eremuetan kudeaketa plana onartuta izanez gero, EBra bidali behar den txostena helburuen betekizunarekin publiko egitea, helburuen betetze portzentaia azalduz eta arrazoituz. Kudeaketa plana onartuta ez diren kasuetan, plana egin eta onartzea.
- Aralar Babes Bereziko Eremuan pisten plana gelditu, bide-azpiegituren plana eratzea, interesa duten gizarteko beste eragileak ere kontuan hartuz, guztien ekarpenekin plangintza adostua lortuz eta parkearen arauadia eta legedia errespetatuz.
- Jarduera produktiboak eta estraktiboak ez ezik, aisia-jarduerak, jarduera turistikoak eta kirol-jarduerak (batez ere kirol-probak) ere arautzea eta gatazka denean naturaren errespetua eta kontserbazioa gailentzea.
Ikerkuntza:
- Ikerketak burutzea naturagune babestuetan garatu litezkeen jardueren inpaktuak ebaluatzeko: hidrogeologikoa, geologikoa; lurzoruen zaurgarritasuna eta funtzio garrantzitsuak, Europa Batasuneko intereseko habitaten egitura, funtzioa eta kontserbazio egoera; berdin Batasunaren intereseko espezie guztiak, baita ingurune kultural eta   sozioekonomikoaren diagnostiko sendo bat egitea.
Hezkuntza:
- Naturagune babestuetako ezagutza, ulermen, sentsibilizazio eta bere kontserbazioaren alde egiteko jarrerak herritar guztiengan garatzeko jarduerak sustatu.
Parte hartzea:
- Parke naturaletako patronatuetako bilerak operatibo egitea, behar den maiztasuna adostuz eta baliabideak jarriz. 
 
UDAL ESKUMENEKO ERABAKIAK
 
OROKORRAK
- Udal lurretan basogintza bertako basoaren aldeko berreskurapenean oinarritzea: Hirigintza Plan Orokorretan zehaztea udal lurretan bertakoak ez diren espezieak landatzeko debekua.
- Udal lurretan mendi babesleak izendatzeko diagnostikoak egitea, eta balegokio, izendapenak egiteko eskaerak gauzatzea Aldundiari.
- Udal lurretan eta herriko arauetan balio natural handiko eremuak izendatuta dauden eremuetan eukaliptoa, Eucalyptus generoko zuhaitz espezieen landaketa debekatzea.
- Bioaniztasunaren eta ingurune naturalen zaintzari begira, Udaltzaingoa Ertzaintzarekin eta Basozainekin koordinatzeko baliabideak jartzea.
Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.