ARGIA.eus

2019ko uztailaren 22a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.
2019-02-25 12:00
 
Aurtengo udaberrian bi hauteskunde izango ditugula eta, boto-emaileei eta oro har herritarrei informazio egokia aurkeztearrren, joan den astean baso-politikari buruzko dokumentu bat helarazi zien Naturkonek Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean odezkatuta dauden indar politiko guztiei, hura aztertu eta gaiari buruz zer iritzi eta proposamen duten azal dezatela eskatuz.
 
Ehizaren eta arrantzaren kudeaketari buruzko beste dokumentu bat helaraziko die aurki, eskaera berberarekin.
 
Hemendik denbora batera haiek emandako erantzunak bildu eta aurkeztuko ditugu.
 
 
BASOGINTZAN ALDAKETA BEHARRA GIPUZKOAN
 
Iazko udazkenetik iritzi publikoan dagoen gaia da basogintza Gipuzkoan eta Bizkaian. Gure paisaia gorritzen ari da, eta ez han eta hemen pinudiak gaitzak jota daudelako, baita egurra modu intentsiboan makinaria astunarekin eta matarrasen bidez menditik atera beharraren beharrarengatik mendi-lurrak gero eta soilduagoak ageri zaizkigulako. Beste behin ere, makina bat tona lur erreketara eta itsasora, lurzoruaren higadura eta pobretzea areagotuz. Berdin eremu publikoa ala pribatua izan, naturagune babestua edo Natura 2000 Sarea.
 
Egurraren sektoreak agintzen du administrazioko baso politika publikoetan. Haien mesedetara arautzen da basogintza, gure mendien kudeaketarako aukera bakarra espezie exotikoen monolaborantzan oinarritutako ustiapen eredu intentsiboa bailitzan. Ingurumen kalteak aintzat hartu gabe, diru publikoak sostengatzen du baserritar eta gainerako lurjabe txikientzat gero eta errentagarritasun gutxiago duen jarduera hau. Salagarria da EAJk praktikatzen duen klientelismo politikoa, beti Ingurumenaren kalterako. Baina, ustiapen-eredu honek ezkutatu ezin den aterabiderik gabeko krisia eragin badu ere, gure administrazioa tematuta dago eredu honi eusten. Egurra mozteko diru-laguntzak berrantolatu, pinudiak eraginik izango duen frogatu ez den oxido kuprosoarekin airez fumigatu eta pinuak hazkuntza azkarreko beste konifero eta zuhaitz espezie exotikoekin ordezkatzea (eukaliptoa barne): alegia, egurraren sektorea elikatzeko egituratutako politikari nola edo hala eutsi, hori da gure administrazioaren planteamendua ingurumen krisi honen aurrean.
 
 
Benetako baso politika berritzaileen beharra
 
Bestelako ekonomia-sektoreetan hain aurreratua omen den eta hainbeste aurreratu omen duen herri honek, lehen sektorean XIX. mendeko jokamoldeekin dihardu, gizakiaren jarduerak ingurumenean duen eraginean arretarik jarri gabe. Gipuzkoan ez daukagu apenas baso naturalik (EAEn ere jatorrizko basoen %75a desagertu da dagoeneko), dauzkagun sail txikiak egoera ekologiko negargarrian daude, bioaniztasuna guztiz kaltetuta. Egur landaketez josi dugu lurraldea, egurra ateratzera bideratuta mendi publiko zein pribatuak. Aldundiarena da gure ingurune naturala eta natur balioak kudeatzeko eskumena,  eta beraz, espero zitekeen gutxienez publikoak diren herri onurako mendietan eta naturagune babestuetan guztiona den ondarea berreskuratzeko bestelako politikak lehenestea, bertako basoak berreskuratuz (hariztiak, pagadiak, artadiak edo ameztiak) eta egur ekoizpena bertan behera utziz. Baina, ez da kasua.
 
Gurea bezalako klima eta orografia duen herrian basoa da natur ingurumenaren sostengua. Basotik eskuratzen dugu ura, basoak eusten dio gure lurrari. Betidanik ustiatu ditugu gure basoak, egurra modu ez jasangarrian ateratzeak dituen ondorioak ezagunak zaizkigu: basoak ia desagertzera eraman baititugu. Baina, iraganetik ez dugu ezer ikasi, ez dugu basoa ulertzeko eta ikusteko moduan aldatu. Herri aurreratuetan aspaldi eman zen eztabaida hau. Ipar Europara begiratu besterik ez dago bestelako basogintza-politikak ikusteko. Landaketak egiteko bertako espezieak erabiltzen dituzte, noski, etekina ateratzeko. Nafarroan eta Araban ere baditugu bestelako ereduak.
 
Baina, horretarako egurgintzaren industriak ere aldatu behar du. Hazkuntza geldoagoa eta kalitate handiagoa duen egurrari aterabidea eman behar zaio, eta hori da hemengo industria egiteko prest ez dagoena. Egur merkea mesedegarriagoa zaio nonbait. Eta pagotxa da. Datozen urteetarako tonak pilatu dituzte hutsaren hurrengo prezioan. Jabeak kezkatzeko moduko egoeran daude, ez horrela egurgintzaren industria. Oraintsu aurkeztu berri dituzte Basotek partzuergoaren etorkizuneko planteamenduak. Bioekonomiaz, bio-etiketaz, ekonomia iraunkorraz, kimika berdeaz eta bioefizientziaz ari dira: Basoa 4.0 alajaina, I+G+B diziplinak biltzen dituen estrategia. Hitzak, hitz hutsak, hazkuntza azkarreko espezieen bidez lortutako kalitate eskaseko egurrari aterabide berriak emateko. Baina, horrek ingurumenean duen kalteaz hausnarketarik txikiena egin gabe. Nola edo hala, ereduari eutsi nahi diote, gure mendiak industria jakin baten mesedetan jarri. Errentagarria zaie.
 
 
Egurraz gain, basoen zerbitzu guztiak 
 
Basoak egurra ez den bestelako onurak ematen ditu: ura, aisialdia, jakiak, …osasuna. Beste modu batera esanda, basoek zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dizkigute eta hauek dirutan neur daitezke. Zerbitzu hauek egurra baino askoz ere onuragarriagoak dira, eta errentagarriagoak izan daitezke baso-politikak aldatuta. Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten elkarteak irudikatu ditu horretarako abiapuntua beharko luketen ardatzak eta lan-taldea: Bioaniztasunaren kontseilua. Aldundiari dagokio kontseilu hau martxan jarri eta baso-politika berria diseinatzea. Lehen sektoreak bizi duen krisiak sistema-aldaketa eskatzen du, modernizazioa, natur ingurunearen ustiapena kontserbazioarekin uztartuz, krisi ekologiko globalaren paradigman kokatzeko. Etorkizuna dago jokoan.
 
 
NATURKON (Gipuzkoako Natur Talde eta Talde Ekologisten elkartea)