2018-06-27 08:57

Gipuzkoako Arkamurka, Itsas Enara, Eguzki, Landarlan eta Mutriku ekologista eta natur taldeek berriro eskatu diote Foru Aldundiko Mendi Zuzendaritzari atzera botatzeko “Igaratzako txaboletarako mendi-bidearen egokitzapena” deitutako pista proiektu berria. Proiektua Enirio Aralar mankomunitateak iaz aurkeztutakoaren oso antzekoa da, haren ingurumen-ebaluazio inpaktua Aldundiko Ingurumen Departamenduak ez onartuagatik ere.

Horiez gain, hauek dira Aldundiari adierazitako arrazoi nagusiak pista proiektu berriari berriro ezetz esateko:

- Europak eta EAEk babestutako hainbat espezie eta habitat suntsituko dituelako, horien artean 5 hagin eta 16 gorosti.

- Kalteak onurak baino askoz gehiago direlako eta berreskuratu ezinak.

- Pista-proiektu berria ez da beharrezkoa Aralarren kontserbaziorako, ezta larreen babeserako, dagoeneko Aralarko larreetan orain dela 20 urte baino % 20 ganadu gehiago baitabil.

- Aralar Natur Parkearen Ordenazio plana ez du betetzen.

- Lareoko urtegira ura eramaten duten erreka bat kaltetuko duelako.

- Herri-lurretan egin nahi dituzten proiektu hauen inguruko erabakiak hartzeko prozesuan, herritar askoren iritzia —bereziki mendizale, kontserbazionista eta zientzialariena— baztertu egin dira, eta horrek bizikidetzan eragin negatibo azpimarragarria izan du.

- Eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bere azken txostenean esandakoarekin bat egiten dugulako:

"pista berrien eraikuntzari buruzko erabakiak atzeratu egin beharko lirateke Larreen Ordenazio Plan bat egin arte.”

Behingoz pista proiektu hauek baztertu, sektore ezberdinak aintzak hartu eta Aralar Natur Parkeko legedia bete dezala Aldundiak, bada garaia!
 

DONOSTIAN, EKAINAREN 23AN

Arkamurka Natur Taldea, Itsas Enara, Eguzki, Landarlan Ingurumen Elkartea, Mutriku Natur Taldea

Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.