2019-11-04 12:01
Egun hauetan egin ditu EJren Ingurumen Sailak BID-REX proiektuaren baitan jardunaldi batzuk. BID-REX proiektua Interreg proiektu bat da, EBren babespekoa, eta helburu nagusia du ingurumen eta kontserbazio alorreko informazio teknikorik onena biltzeko eta politikarien (erabaki-hartzaileen) esku jartzeko estrategiak, protokoloak eta jardunbideak ikertzea. Helburu laudagarria, inondik ere.
 
Bada proiektu horren barruan, EAEk bere estrategia diseinatu du, eta dagoeneko hasia da hura gauzatzen. Testuinguru horretan ari dira hain zuzen egun hauetan egiten ‘Biodibertsitatearen Foro Soziala’ delakoaren bilerak (Iturria, hemen).
 
Esango genuke ez dela politikarien informazio-falta, prezisamente, kontserbazioak duen arazo nagusia.
 
Adibide bat, egun hauetako jardunetik aterea: angularen arrantza. Aingira Europan galzorian dagoen arren (IUCNk 2008an sailkatu zuen Liburu Gorriko  ‘galzori kritikoan’ kategorian, eta 2014an sailkapen hori berretsi zuen), eta EBren azken txostenak diagnostiko horretatik bertatik abiatzen badira ere, EAEn aingira ez dago babestutako espezien zerrendan. Bestalde, aingirak izateko angulak zaindu behar dira, eta zertan da gurean angularen arrantza? Horratx! EAE da angula aisialdi-arrantzarako araututa dagoen leku bakarra Europan. Gurean motordun txalupa bidez angulak harrapatzea legez arautzen da, jakinda horrela harrapatutako angulak salmentara bideratuta daudela, debekatuta egon arren. Hau guztia, noski, ikusten duguna da, administrazioak ez baitu kontrolatzen —inspekziorik ez dagoelako— jatetxe eta bestelako jantokietan kontsumitzen den angula-kopurua. Aurten iazko arrantza-epeak onartu dira berriz, eta arrantzarako lizentzien titularrek ez ezik, “laguntzaileek” ere arrantzatu ahalko dute (lizentzien merkatu beltzari bide emanez, bide batez). Alegia, angulak motordun txalupekin arrantzatzeko aukerak murriztu ordez, zabaldu egin dira. Honi guztiari, gainera, azken urteotan Guardia Zibilaren atxiloketen bidez ikusten ari garen mafiak gehitu behar zaizkio, guztiz ulertu gaberik ere, arazoaren dimentsioaren berri ematen baitigute. Eskandalua da gure ordezkari politikoek basabizitzaren kontserbazioarekiko duten axolagabekeria. Ala interes aitortu ezinen defentsan dago gakoa?
 
Angularen kontserbazio-egoera tamalgarria ikusirik, Europako Batasunak berariazko Erregelamendu bat egin zuen 2007an (erran nahi baita, aspaldi). EAEk berak ere bere plana egina du (2008). Espainiak ere bere Kudeaketa Plana egina du (2010). 2014an, 2007ko erregelamenduaren aplikazioaren ebaluazio txostena egin zuen Europako Batasunak (Iturria, hemen), eta ondorio nagusia hau izan zen:
 
A pesar de la aplicación de los Planes de Gestión, el estado de la población de anguila europea sigue siendo crítico y es preciso adoptar un enfoque cautelar hasta que exista cierta evidencia de un incremento continuado del reclutamiento y de la población adulta. Los científicos advierten constantemente de que toda la mortalidad inducida por factores humanos (mortalidad por pesca y mortalidad antropogénica no pesquera) debería reducirse a un nivel tan próximo a cero como sea posible y que es necesario actuar con urgencia. En consonancia con esta advertencia, es posible que resulte necesario considerar la adopción de medidas adicionales para reducir los niveles actuales de la mortalidad inducida por tales factores.
 
Alegia, aingiraren arrantza eta, oro har, giza jatorriko mortalitatea zerora jaistea proposatu zen duela 5 urte. Jaurlaritza horren jakitun da aspaldi.
 
Eusko Jaurlaritzaren informazio-iturri propio nagusia AZTI da. AZTIko teknikariak ere bat datoz estrategiarekin. Jaurlaritza horren jakitun da.
 
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailaren iritzia da ez duela iritzirik.
 
Datu zientifikoak oso argiak dira, Europako erreketan galzorian dago aingira, eta eskaera zuzena da angularen arrantza debekatzeko. Eusko Jaurlaritzaren arrantza-zuzendaria, Leandro Azkue, da angularen arrantzaren arduradun politikoa (eztabaidagarria da zeharo angula-arrantza itsasoko arrantzatzat hartzea, baina tira…). Berak dio ez duela asmorik angularen arrantza debekatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arrantza-arauek ere ez dute baimentzen aingira harrapatzerik, baina ez-ikusiarena egiten du Aldundiak. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak dio Europako Batasunaren Ekintza Plana boletinean argitaratzen ez den bitartean ez dela debekatuko.
 
Bien bitartean, itxurakeriatan jarraitzen dugu gure EAE maite honetan, eta AZTIrentzat negozio bihurtu dugu kontua.
 
Non dago funtsean okerra? Zer faktorek eragozten du gauzak ondo egitea, politikarien informazio-faltak ala politikariek informazio zientifikoari eta arauei muzin egin eta beren klienteak goxatu nahi izateak?
Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.