2020-03-13 10:43

Palestinan giza eskubideen defentsan eta babesean beren bizitzak eskaintzen dituzten emakumeek egunez egun egin behar diete aurre giza eskubideen urraketa larriei eta sistematikoei. Askotan, urraketa horiek gerra-krimenak eta gizatasun gutxiko krimenak izaten dira

Emakume palestinarrak funtsezko aktorea dira, duela mende batetik baino gehiagotik, Palestinaren askapenerako borrokaren historian. Modu informalean jarduten dute euren herriko giza eskubideen defendatzaile gisa, ez dakigu haien inguruko ia ezertxo ere.

Aski ezaguna da, Palestinan, emakumeek funtsezko bi borrokari aurre egiten dietela: batetik, euren eskubide politiko, ekonomiko eta sozialetan berdintasuna lortzeko borrokari, gizarte patriarkalaren esparruan; eta bestetik, euren autodeterminaziorako eta oinarrizko askatasunetarako eskubideak lortzeko borrokari, okupazio militar luzatuaren esparruan —haren baitan egiten diren praktika kolonial asko apartheid-krimentzat hartzen dira—.

Horrek esan nahi du emakumeek eta neskek Palestinan jasaten duten genero-indarkeria eta feminizidioa okupazioarekin eta apartheidarekin lotutako egituren emaitza direla batik bat, baita Palestinako eta Israelgo gizartean horren sustraituta dauden jarrera patriarkalekin eta genero-estereotipoekin ere, eta guztiz onartuta daude gainera okupazioaren testuinguruan.

Egitura horien, kolonialismoaren, apartheidaren eta patriarkatuaren arteko, edo indarkeriaren manifestazio zehatzen arteko lotura —okupazioaren eta genero-indarkeriaren testuinguruan— oso konplexua da, maila asko barne hartzen baititu, eta elkar berrelikatzen direla esan genezake.

 

Egun arrun batean

 

Palestinako emakume defendatzaileak egunero arriskatzen dira agresioak edota akusazio ofizialik gabeko espetxeratzeak jasatera.

Egun arrunt batean, bere familia osoa sostengatzen duen ama, alaba edo alargun hori manifestazio batera irteten da. Baina beharbada ez da etxera itzuliko.

Egun arrunt batean, protesten lehen lerroan jartzen da, bere neba-arreba errefuxiatuak bonba-jasapean hiltzen ari direlako, bere bizilagunaren etxea eraitsi dutelako edo bere etxea familiarenarengandik bereizten duen harresi bat eraiki dutelako.

Egun horretan zauritu edo atxilotu egiten dute, kausarik eta epaiketarik gabe. Etxera itzultzean beldurtu egingo dute beharbada, edo bere familiak mehatxuak jasango ditu. Palestinan gauza asko gerta daitezke giza eskubideen emakume defendatzailea izateagatik.

Protestaren ondoren, baliteke emakume hori etxera osorik itzultzea, bere seme-alabak besarkatzea eta hurrengo eguneko gauzak prestatzen jarraitzea. Baina, bat-batean, egunsentian, soldaduz osaturiko tropa osoa sartzen da indarrez bere etxean, dena erregistratzera; bere seme-alabak beldurtzen dituzte eta beraiengandik atzematen dute, bultzaden eta irainen artean. Herrestan eramaten dute, eskuak lotuta, eta auto militarraren barrura botatzen dute, objektua balitz bezala, gauza bat balitz bezala.

Horren ondoren, berariaz zikina dagoen zelda estu baten ilunantzean sartzen da. Galderaz josi eta umiliatu egiten dute; bere intimitatea inbaditzen dute, eta isolatu eta astindu egiten dute, behin eta berriz, erlojuak markatzen duen segundo bakoitzeko. Berak zera galdetzen du, El Proceso eleberriko K pertsonaia balitz bezala: zertaz salatzen naute? Baina bere ahotsa itota geratzen da horma zimurtsuen artean.

Desberdintasun bat baino ez dago giza eskubideak defendatzen dituen emakume palestinarraren eta Kafkaren obrako pertsonaiaren artean: emakume palestinarrak ez du bere lepoa jartzen hura inolako erresistentziarik gabe moztu dezaten. Hark oihu egitea eta antolatzea erabaki du.

Mundubat Fundazioa elikadura burujabetza, giza eskubideak eta genero berdintasuna lantzen dituen euskal GKEa da.