2019-11-13 12:16

Mexikon, «Oaxaca gisako eskualdeek jasaten duten berezko indarkeriarekin daude lotuta emakumeen aurkako erasoak». Horrela dio Yésica Sánchez Mayak, Pilarrekin eta Ana Maríarekin batera, Oaxacako Partzuergoaren* hiruko zuzendaritza osatzen duenak. Euren eskubideak aldarrikatzen dituzten emakumeek Estatuko agenteei egin behar diete aurre, baita horiek nahierara erabiltzen dituzten interes ekonomikoei ere.

Eskubideak defendatzen dituztenak emakumeak direnean, horiek beste kriminalizazio-patroi batzuei egin behar diete aurre, horien genero-izaera bortxatzeko. Gizonezko defendatzaileek ez bezala, sexu- eta familia-indarkeria jasan dezakete, eta, gainera, sexu-estereotipoetan oinarritutako difamazio-kanpainen xede ere izaten dira. Justizia-sistema patriarkalak judizializatu egiten ditu, eta sinesgarritasun oro kentzen dio defendatzaile gisa betetzen duten eginkizunari, emakume izateagatik bakarrik. Euren sexu-orientazioagatik, etnia bateko kide izateagatik edo gizarte-mailagatik ere diskriminatzen dituzte askotan.

«Euren gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea, lurra eta ura izateko eskubidea, euren komunitateen eskubideak […] defendatzen dituzten emakumeek zirikak eta jazarpenak jasaten dituzte. Ospe txarra hartzen dute euren komunitateetan eta hori oso larria da, kalitate oro kentzen baitiote betetzen duten eginkizunari. Era berean, gizarteari egiten dioten ekarpena kriminalizatzen da, eta garapenari uko egiteaz eta gobernuaren lana oztopatzeaz salatzen dituzte», dio Sánchez Mayak.

Oaxacako Partzuergoko emakumeak ere kalumnien eta bestelako zigorren xede izaten dira hedabide eta sare sozialen bitartez. Telefonoak kontrolatzen dizkiete, eta indarrez sartzen dira horien bulegoetan eta etxeetan. «“Arazoak sortzeaz” leporatzen gaituzte behin eta berriz», dio Ana Maríak, «feminizidioen eta erasoen zifrak handitzeaz, alegia. Gainera, ama txarrak, emagalduak, lesbianak eta abortuaren aldekoak izateaz salatzen gaituzte emakumeak izate hutsagatik. Gizarteari dagokionez, kriminalizazio horrek areagotu egiten ditu emakume defendatzaileek bizi ditugun arriskuak».

Zirikak areagotu egin ziren 2010. urtean, Gabino Cuéren gobernu kontserbatzailearekin, eta hala jarraitu du haren ondorengo Alejandro Muratekin, gobernaria oraindik ere. Nazioan, erakunde zibilek erasoak jasan behar izan zituzten Enrique Peña Nietoren (2012-2018) gobernuaren aldetik, eta haren agenda pribatizatzaileak (hezkuntzaren, osasunaren, energiaren eta uraren esparruetan) protesta ugari piztu zituen. Bi seiurteko igaro ondoren, gobernuak PRIri itzuli zion boterea eta bere errepresiozko makineria jarri zuen martxan horiek desartikulatzeko.

Oaxacan, ikasleen eta maisuen mugimendua nagusitzen den lurraldea, Peñaren hezkuntza-erreforma batailaren fronte bihurtu zen 2013an. Hezkuntzako Langileen Koordinakunde Nazionalaren (CNTE) Oaxacako sekzioa behin eta berriz agertu zen proiektuaren aurka, hark hezitzaileen eskubideak murrizten baitzituen. 2013ko maiatzean, Mexiko Hirian protesta egiteko hasi ziren prestatzen, herrialde osoko lankideekin batera.

Orduan, Yolanda Barranco Hernández aurkeztu zen Partzuergoan, irakaslea, defendatzailea eta irakasleen mugimenduko aktibista. Haren senarra, maisu indigena, aktibista eta defendatzailea, atxilotuta zegoen.

 

Testu hau Ahots Defendatzaileak plataformarako sortutako ikerketa eta istorioen zati bat da: www.vocesdefensoras.org/eu / Argazkiak: Andrea Santiago.


* Consorcio Oaxaca edo Oaxacako Partzuegoa 2003an sortutako talde feminista da.

 

Mundubat Fundazioa elikadura burujabetza, giza eskubideak eta genero berdintasuna lantzen dituen euskal GKEa da.