2020-01-09 11:33

«2009an hasi ginen antolatzen eta, gaur egun, 60 kide aktibistak, 16 lagunez osaturiko batzorde betearazleak eta ehunka kolaboratzailek osatzen dugu elkartea, Saharako herriaren funtsezko eskubideak aldarrikatzeko, betiere borroka baketsuan oinarrituz», azaldu digu Laminek, Emakume Sahararren Etorkizuna Foroko (FAFESA) aktibistak.

Taldea 2009an jaio zen, premia bati erantzuteko: lurralde okupatuetan emakume sahararra da gehien sufritzen duena. «Poliziak jarraitu egiten gaitu eta, beraz, ezkutuan bildu behar dugu, debekatuta dagoen elkartetzat hartzen baikaituzte. Denok jasan ditugu erasoak, atxiloketak edo torturak», aitortu digu Foroko aktibista den Hadhoum Barkak, 37 urte dituenak eta 3 urtez preso politikoa izan denak.

 

33.-hadhum-izriginat.-activista-fafesa.FAFESA erresistentzia baketsuko elkartea da. Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan jarduten du eta 3 helburu ditu funtsean: autodeterminazioa, giza eskubideak eta kultura sahararra babestea. Betetzen dituen jardueren artean, honako hauek dira azpimarragarrienak: manifestazioetan parte hartzen dute; Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (RASD) banderak eta pankartak egiten dituzte; eta hizkuntza, kultura, tradizioak, jantziak, abestiak eta janariak berreskuratzeko lantegiak antolatzen dituzte. Era berean, laguntza eta konpainia eskaintzen diete desagertutako pertsonen eta preso politikoen familiei, ekonomikoa —funtsak biltzeko diru-bilketen bitartez— nahiz morala.

Azken hori «ezinbestekoa da borroka egiten jarraitzeko», azpimarratu du FAFESAko aktibista Hadhoum Barka Mohamedek.

Hadhoum Barka Mohamedek funtsezkotzat jotzen du elkartearen hirugarren jarduketa-lerroa: herri sahararraren ondare kulturala babestea. «Marokok gure hondamena nahi du, baina ez fisikoa bakarrik, baita gure kulturarena ere. Gu desagertzea nahi dute, eta gure gazteak marokoar bihurtu nahi dituzte. Lurralde okupatuetan, adibidez, debekatuta dago hassania, gure hizkuntza, ikastea. Baina guk lantegiekin erantzuten diegu, batik bat gazteekin eta emakumeekin, gure hizkuntza, gure soinekoak, gure gorputzak edo abestiak, gure janariak edo gure artea ahaztuta gera ez daitezen», azpimarratu du Foroko beste aktibista batek, desagertutako gizon baten alabak.

Sukeina Yedehlu da elkarteko buru, 11 urte baino gehiago Marokoko 5 espetxe sekretutan bahituta eta torturatuta egon den emakumea. 1981ean atxilotu zutenean, lau adingaberen ama zen eta haren alabarik txikiena, bost hilabetekoa, hil egin zen bera desagertu eta gutxira. 1991n utzi zuten aske, baina hurrengo urtean berriz atxilotu zuten, manifestazio batean parte hartzeagatik.

Klandestinitatea eta diskrezioa funtsezkoak dira FAFESAk betetzen duen eginkizunean, baita kideen biziraupena bera ere. Egiten duten bilera bakoitzean erabakitzen dute noiz egingo duten hurrengoa eta, eguna gerturatzen den heinean, non elkartuko diren jakinarazten dute ahoz aho. Ezin dituzte erabili mugikorrak elkarrekin komunikatzeko. «Marokok behatu eta arakatu egiten ditu», argitu dute.

«Kaletik jarraitzen gaituzte eta manifestazioak egitea galarazten digute. Indarrez sartzen dira gure etxeetara, eta gure senarrak eta seme-alaba adingabeak eramaten dituzte; batzuetan, inguratu egiten gaituzte, handik ez irten ahal izateko. Hemen ez duzu ezagutuko poliziaren tratu txarrak jasan ez dituen saharar bakar bat ere, ezta pertsona maite bat galdu duen familia bakar bat ere», amaitu dute.

 

Testu hau Ahots Defendatzaileak plataformarako sortutako ikerketa eta istorioen zati bat da. Argazkiak: Equipe Media.

Mundubat Fundazioa elikadura burujabetza, giza eskubideak eta genero berdintasuna lantzen dituen euskal GKEa da.