ARGIA.eus

2019ko azaroaren 15a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Mundubat Fundazioa elikadura burujabetza, giza eskubideak eta genero berdintasuna lantzen dituen euskal GKEa da.
2019-11-05 10:20

2011n, Polochic Haraneko 14 komunitateko 800 familia irtenarazi zituzten euren etxebizitzetatik. Bide zibiletik exekutatu zituzten, ustez, berriz ere «lurrak usurpatu zituztelako», Paraná, El Recuerdo, Quinich, San Miguel, Sauces, Bella Flor, Sauce Norte, Miravalle, Tinajas, Río Frío, Sauces eta San Pablo I eta II finken titularrek eskatuta. Martxoaren 15etik 18ra egindako polizia-operazio masibo hartan hiru lagun hil ziren, eta abusu eta bidegabekeria pila bat gertatu ziren.

2012ko martxoan, euren lurretatik kanporatutako milaka lagun hiriburura joan ziren Ama Lurra defendatzera, kanporatze gehiago egon ez zitezela eta familiei irtenbideak eman ziezazkietela eskatuz. Nekazarien Martxa handiak —CUC, Altiplanoko Nekazarien Batzordeak eta Guillermo Toriello Fundazioak babestua— gizarte-erakunde ugariren babesa jaso zuen, eta bat egiteko momentu garrantzitsua izan zen Guatemalako gizarte-mugimenduarentzat. CUC Batzordeak lagunduta, haraneko egoera salatu zuten Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarraren (CIDH) aurrean, eta azken horrek kautelazko zenbait neurri adostu zituen; neurri horiek Guatemalako Estatua egiten zuten 14 komunitateen bizitzaren eta osotasun fisikoaren erantzule. Horrez gain, lurrarekiko euren eskubidea aldarrikatzen zuten.

Gizarte-mugimendu jendetsu horrek eta nazioarteko presioak bultzatuta, garai hartako presidente Otto Pérez Molinak, inteligentzia militarraren buru ohiak, horiei bitartekoak bideratzea hitzeman zuen, urtero, gutxienez 300 familiak lurra erabiltzeko eskubidea izan zezaten. Xede horrekin, Lur Fondoa eta mahai teknikoa egin ziren, komunitateei euren etorkizuneko onibarrak garatzen eta kasuan kasuko zorrei aurre egiten laguntzeko: eskemaren arabera, Estatuari zegokion onibarren prezio osoaren %75, eta komunitateek ordaindu behar zuten gainerako %25a.

Momentuz, bost onibar bakarrik esleitu zaizkie. Mahai teknikoa ez da bildu 2015etik eta Nekazaritza Idazkaritzaren baliabideak izoztuta daude. CUC Batzordeko Daniel Pascual koordinatzaile nagusiak dioen moduan, ez dago herrialdeak bizi duen nekazaritza-arloko gatazka konpontzeko borondate politikorik:

«Guatemalan ez da onartu landa-garapenerako legerik. Ez dago lurra egiaz norena den zehazten duen katastro egokirik, ezta nekazarien eskubideak defendatzen dituen nekazaritzako kode prozesalik ere».

Gatazka, dio, arazo sozial historikoa da eta milioika lagunen elikadura-segurtasunari egiten dio mehatxu. Nolanahi ere, Álvaro Colom (2008-2012), Pérez Molina (2012-2015) eta Jimmy Morales (2015- ) presidenteen gobernuak ordena publikoko gaia balitz bezala saiatu dira hura kudeatzen, eta salbuespen-egoerara eta indarraren erabilerara jo dute askotan.

Komunikabideek iraindu egiten dituzte lurraren alde borroka egiten duten pertsonak, eta zilegitasun osoa kentzen diete, inbaditzaileak, gaizkileak eta gerrillariak balira bezala. Aldizka, komunitate eta erakunde indigenen eta nekazarien kontrako kalumniazko artikuluak argitaratzen dituzte, eta komunitate horietako lider eta kide askok mehatxuak eta poliziaren jazarpenak jasaten dituzte. CUC Batzordeko Daniel Pascual buruzagia bera ere salatu zuten, delitu egiteko asmoz biltzeagatik eta Konstituzioaren kontra eraso egiteagatik, beste delitu batzuen artean.

Larderiek gora egin dute 2005etik. Urte horretan, Merkataritza Askearen Ituna sinatu zen Estatu Batuekin, eta gobernua lurrak ematen hasi zen nekazaritza-industriako enpresei, meategiak eta petrolioa ustiatzeko enpresei eta enpresa hidroelektrikoei, horietako asko antzinako lurraldeetan.

«Komunitateek kontra egiten diete megaproiektu horiei», dio Danielek, «euren gizarte-ehuna apurtzen dutelako eta ingurumenari kalte larriak eragiten dizkiotelako. Estatuak poliziarekin eta armadarekin erreprimitzen dituzte, erauzketaren eredua ezartzeko».

Askotan, eredu horrekiko erresistentzia —euren ondasun naturalak, lurraldea eta eskubideak kentzen dizkie herritarrei— aitzakia moduan erabiltzen dute lurraren alde borroka egiten dutenei irain egiteko, eta «garapenaren kontra» egoteagatik salatzen dituzte.

Polochic Haranean, 80ko hamarkadara itzultzeko beldur dira; izan ere, orduan bizitu ziren lazgarrikeriarik okerrenak. Poliziaren errepresioa zigortu gabe geratzen da gehienetan, eta marek eta narkotrafikoak eragindako beste indarkeriarekin nahasten da. 2018ko urrian, matrikularik gabeko hegazkin txiki batek —koka garraiatzeko erabiltzen diren horietako batek— istripua izan zuen Dulce ibaitik gertu, haranetik berrogei kilometrora. El Murciélago finkara zioan.

 

Testu hau Ahots Defendatzaileak plataformarako sortutako ikerketa eta istorioen zati bat da: www.vocesdefensoras.org/eu / Argazkiak: James Rodríguez.