2018-07-19 11:43

Konspiratu, egin, pentsatu, gozatu, mobilizatu. Iraultza Txikien Akanpada. Aditz horiek gorpuzteko hiru eguneko kanpaldia egingo dugu Gipuzkoako Zubieta herrian, irailaren 21etik 23ra. Ideia eta praktikak, buruak eta gorputzak josteko lekua izango da, giro lasai eta alaiean.

Bestelako Euskal Herria amesten dugun pertsona eta herri mugimenduei zuzendutako deialdia da. Adin guztietako lagunak batuko gara, zerotik 100 urte arteko gorputzak. Lurralde Askea komunitate desobedienteak deitzen du. Zatoz esperientzia aberats hau bizitzera!

Bizitza erdigunean jarriko dugu. Eremu antipatriarkala izango da, antikapitalista, komunitarioa, autoeratua eta autokritikoa, borrokalaria eta alaia.

Lau bloke nagusi izango ditu asteburuak:

1- Herri mugimendu eta eragile eraldatzaileoi eragiten diguten gaiei buruzko eztabaida eta gogoeta. Programa mardula antolatzen ari gara. Arerioaren puntu ahulak bilatzeaz gain, geure buruen kontraesanak bilatuko ditugu. Nolako militantzia ereduak praktikatzen ditugu? Zer konpromiso klase hartzen ditugu? Zer irakatsi digu Kataluniako prozesuak? Eralda al dezakegu Euskal Herria behetik eta ezkerretik gure mugimendu zuri eta sozioekonomikoki integratuetatik? Nola findu borroka moldeak, aliantzak, gatazkak eta biolentziak? Zer nolako elkarrizketa askatzailea eraiki daitezke erakunde eta herri mugimenduen artean?

2- Herri boterea eraikitzen jarraitzeko estrategiak partekatu eta adostuko ditugu. Egungo egoera politikoarekin ados ez gaudenon sareak josi, aliantzak eraiki, borroka puntualak antolatu. Identifika dezakegu nola eman kolpe bateratua Euskal Herri mailan, datorren udaberrian adibidez? Esango al dugu argi eta ozen gaur egungo egoerarekin ez gaudela ados?

3- Bizitza burujabetza landuko dugu: Euskal Herrian eremu bakoitzean dagoeneko martxan dauden esperientzia komunitarioak ezagutuko ditugu alor hauetan: elikadura burujabetza, etxebizitza, zaintza, energia, enplegua, finantzak... Denon artean bizitza burujabeagoa josteko moduak pentsatuko ditugu.

4- Igandean ekimen kolektibo potente bat ere izango da. Hori aurrerago jakinaraziko da.

Guzti hau ikuspegi integral batetik planteatuta, koherentziak eraikitzea bilatuz. Zer kontsumitzen dugu? Nola antolatzen gara? Nola harremantzen gara? Hauts ditzagun dikotomia faltsuak: espazio formal-informal, publiko-pribatu, gorputza-pentsamentua. Apur ditzagun kateak.

Ongi Bizitzeko errepublikarantz pauso bat emateko espazioa izango da. Bizi poza nagusi izango duten herritarrek osatutako Euskal Herria. Konspiratzen jarraitzeko h eta gogoz ateratzea bilatuko dugu.

Irail hasieran egitarau zehatza argitaratuko dugu. Bitartean, gorde datak.

Kapitalismoaren logikatik eta baloreetatik ihes egiteko ordua da. Lege injustuei ez ezik, eguneroko ohitura txarrei desobedientzia.