2018-09-13 14:10

Datorren irailaren 21 ostiralean hasi eta igandera arte Iraultza Txikien Akanpada antolatu dugu Gipuzkoako Zubieta herrian bertan.

Zer da? Euskal Herri osoko herritar eta herri mugimenduei dei egiten diegu bertaratzera eta asteburu zoragarri bat pasatzera. Bertan konplizitateak eraiki, elkarrekin hausnartu eta konspiratu, egin dezakeguna irudikatu eta alternatibak praktikan jarriko ditugu. Hala ere, batez ere, adin guztietako herritarrok gozatu egin nahi dugu elkarren konpainian.

Bizitza erdigunean jarriko dugu. Eremu antipatriarkala izango da, antikapitalista, komunitarioa, autoeratua eta autokritikoa, borrokalaria eta alaia.

Astebururako egitarau majoa prestatu dugu: Interesa dutenentzat, denoi eragiten diguten eta patxadaz lantzeko aukera gutxi izaten dugun gaiez hausnartzeko zortzi saio antolatu ditugu, luxuzko hizlari eta eragileekin: ostiral arratsaldean “Lurrikaren erdian gu berri bat?” mahai ingurua; larunbat goizean herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremanen ezin eta eginak batetik, eta eraso matxistak gure espazioetan (hemen bi azpi saio ez mixto egingo dira: emakumeentzako* eta gizonentzako*). Larunbat arratsaldean mahai ingurua “behetik eraldatzen, mugimendu txuri klase ertainekoetatik?” batetik eta bestetik Joxemi Zumalaberen “herri mugimenduen borroka moldeak” tailerra. Eta igande goizean bi saio aldi berean, batetik “Procés Catalá, euskal herrigintzarako ikasgaiak” eta “jendarte likidoa, militantzia likidoak?”.

Eskuorrian topatuko duzue bakoitzean nork hartuko duen parte. Lotura honetan dago egitarau osoa.

Aldi berean Euskal Herri osotik dagoeneko beste klabe batzuetan lanean ari diren esperientziak ezagutzeko aukera ere izango dugu: etxebizitza alorra, elikadura, lana, energia, finantza etikoak, elkarbizitza... Bizitza burujabetzaz ariko gara, alternatibak ezagutzen eta saretzen, eta larunbat arratsaldean mahai-ingurua egingo dugu proiektuon artean.

Euskal Herri osoko jende saltseroa batuko garenez, ezin genuen galdetu eta saiatu gabe gelditu. Larunbat arratsaldean behetik gorako autoantolakuntza konspirazio handi bat egingo dugu. Antolatuko al dugu zerbait elkarrekin datorren udaberriari begira? Hiru izango dira galderak: Zer? Nola? Eta Noiz? Erantzunik ez dago aurretik pentsatuta. Ea zer ateratzen den!

Kontzertu eta emanaldiak ere izango ditugu: Ostiral gauean Erradikalak gara! antzezlana izango dugu, larunbat bazkalostean Nerea Arriola aktorearen “Buruhausteak” monologoa, arratsaldean Thoreauren inguruan musika poesia eta misterioa, eta larunbat gauean bi kontzertu izango ditugu: Pobresiak eta Rukula.

Igandean bazkalostean, orain urte batzuk instituzioetatik erraustegia gelditu zutenei aitortza publikoa egingo diegu, eta ondoren, Gipuzkoa Zutikek antolatuta, erraustegira eta makro-kartzelara buzo zurien martxa. Igandeko martxarako garraio publikoan etortzeko dei egiten dugu. Donostian, Andoainen, Lasarten eta Usurbilen deialdi lokalak egingo dira elkarrekin etortzeko. Badira autobusak eta trena Lasarte-Oriara. Bertatik 15 minutura dago oinez Zubieta.

Egitarauaz gain, nabarmendu nahi dugu adin guztietako jendearentzat pentsatu dugula asteburua. Haurrentzat uneoro jolas libreak izango dira, eskulanak, antzerkia sortu, mozorroak...

 

Otorduak emango ditugu, eta horretarako herri jantokia antolatuko dugu elikadura burujabetza ipar. Prezioak herrikoiak izango dira. Euskara izango da hizkuntza lehenetsia, eta saio guztietan itzulpengintza bermatuta izango dugu euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, bakoitzak erosoen duen hizkuntzan hitz egin dezakeela bermatzeko.

Dei egiten dugu lotako zakua, kanpina, musika tresnak eta bizipoza ekartzera. Esan bezala kanpaldia Zubieta herrian bertan izango da eta belardi antolatuko ditugu lo egiteko kanpingak jartzeko. Furgonetetan zatoztenontzat, aparkaleku berezi bat prestatuko dugu. Dutxak eta abar ere izango ditugu.

Lurralde Askea kolektiboak sinatzen du, Ongi Bizitzearen euskal errepublika ipar duten lagunen kolektibo txikia. Konpromisoetan oinarritutako desobedientzia zibila eta ohiturei desobedientzia planteatzen dugu bide bezala. Hala ere, argi utzi behar dugu kolektibo txikia dela, kanpaldiak eskatzen duen lana aurrera ateratzeko txikiegia nabarmen. Hain zuzen ere, Lurralde Askeak sinatzen du baina herrigintzako beste esparru askotan lanean ari diren lagun askorekin batera elkarlanean ari gara prestatzen kanpaldia.

Ikusi gaurko prentsaurrekoa bideoan.

Kapitalismoaren logikatik eta baloreetatik ihes egiteko ordua da. Lege injustuei ez ezik, eguneroko ohitura txarrei desobedientzia.