2018-03-04 19:44

Landarlan Ingurumen Elkarteak, abenduan eguraldi arrazoirengatik burutu ezin izan zuen mendi ibilaldia, antolatu du datorren martxoaren 11a, iganderako. Ibilaldia Lizarrustiko parketxean goizeko  9etan hasiko da eta Lareoko urtegia zeharkatuz, Baiarratetik Eniriora iritsiko da. Ibilaldi honetan Aralar Natur Parkean diren basoen eboluzio historikoa, ezaugarri nagusienak eta kudeaketa motak azalduko ditu Naturtzaindiako aditua den Iñaki Aizpuruk. Horrela, herritarrei Aralar Natur Parkearen balioak ezagutarazi nahi dizkiegu, larreen balioez gain, natur balio handiko basoak ere badirela.

Lizarrustira bertaratzeko autobus zerbitzua egongo da, orgutegi honekin: 8:00 Zaldibiako Plazan, 8:10 Ordiziako DIA supermerkatuaren ondoan, 8:20 Lazkaoko Renault bidegurutzean, 8:30 Ataun San Martingo plazan, 8:40 Ataun San Gregorioko autobus geltokian eta 9:00tan Lizarrustin. Itzultzeko autobusa 13:30an abiatuko da Lizarrustitik ibilbide berdinarekin. Autobusa erabiltzera deitzen ditugu herritarrak Klima Aldaketa murrizteko konpromiso bezala eta Lizarrustiko aparkalekuko mugak kontuan izanda. Kutxa Fundazioak lagunduta denez, ibilaldian parte hartzea doan izango da. Parte hartzeko, martxoaren 9rako izena ematea eskatzen da: landarlanelkartea@gmail.com helbidean edo telefono hauetan: 682 463 478 eta 650 399 302.

Ibilaldi honetan parte hartzea eta erantzukizuna parte hartzaileen ardurapean izango dira.

Gure inguruneaz arduratuko den talde interdisziplinar bat, Goierritarron kultura, ohitura, izaera nahiz esentziaz arduratuko dena, Goierriko eta ingurukoen bizi kalitateaz, naturaz eta landa eremuen ezaugarrietaz jardungo dena, borondatez, beren gogoa eta denbora zuei, guztioi eskeiniaz.