2020-06-01 17:23

Abian jarri ditugu berriz ere Uhintifadaren emisioak itxialdiak behartutako etenaren ondoren, eta geldialdiaren aurreko azkenengo saioan jorratu genuen gaia berreskuratu dugu: Gipuzkoako CAF enpresaren esku hartzea Jerusalemgo tranbiaren bigarren linearen eraikuntzan. Horretarako Alys Samson izan dugu solaskide iratsaioan. Samson Palestinako BNCko (Boikoterako Nazio Batzordea) arduraduna da Europako proiektuetarako. Bere jardunean errepasatu du nola esleitu dioten Gipuzkoako CAF eta Israelgo Shapir konpainiek osatutako patzuergoari Jerusalemgo tranbia eraikitzeko proiektuaren kontratua, eta zein puntutan urratzen duen proiektu horrek nazioarteko legedia. Iragan otsailean NBEk kolonietan aritzen diren eta Palestinako okupazioarekin aberasten diren enpresen zerrenda kaleratu zuen eta Samsonek azaldu du zer ondorio ekarriko dituen CAFentzat Shapir zerrenda beltz horretan agertu izanak. Halaber, azaldu du CAF proiektu horretatik erretiratzeko kanpainia Euskal Herrian abian jarri bada ere, nazioarteko BDZ mugimenduak beretzat hartu eta mundu mailako kanpainia bilakatu duela. Bestalde, ohartarazi du, koronabirusaren izurriteak eragindako salbuespenezko egoeraren ondorioz, Israelgo administrazioak aprobetxatu duela tranbiaren eraikuntza lanen hasiera azkartzeko, eta CAFek erabaki garrantzitsu bat hartu beharko duela, izan ere, datorren ekainaren 13an konpainiaren akziodunen batzar nagusia izango da eta, dudarik gabe, afera honi buruz galdetuko zaio zuzendaritzari.


Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da