2023-02-07 09:30

Iragan urtarrilaren 26an Israelgo armadak sarraski odoltsua burutu zuen, beste behin ere, Jeningo errefuxiatuen kanpamenduan. Erasoan 11 lagun erail eta hogeitik gora zauritu zituzten. Triskantak erresistentzia ekintza isolatu kate bat eragin du Zisjordanian eta Jerusalemen, eta okupazio indarrek bortizki erantzun dituzte palestinarren oldarraldiak. Bestetik, Israelgo eskuin muturreko gobernuak lege erreforma berriak iragarri ditu, bertako populazio palestinarraren askatasuna areago murrizteko, besteak beste, zigor kolektiboak proposatu dituzte erresistentzia ekintzetan parte hartu duten ekintzaileen senitarteko eta ingurukoen kontra, eta kolonoen artean armen erabilera liberalizatzea ere ebatzi dute. Zisjordaniako, eta bereziki Jeningo, testuinguru historikoa eta gaur egungo egoera aztertzeko Mazzed Khalilia izan dugu gonbidatuta gure mikrofonootan. Khalilia Kataluniako palestinarren komunitateko kidea da eta Jeninen du sorterria.
Bere jardunean Khaliliak azaldu digu urtarrilaren 26ko sarraskiaren abiapuntua izan zela armadaren inkursio bat errefuxiatuen kanpamenduan erresistentziako ekintzaile batzuk akatzeko, baina azkenean 11 lagun erail eta hamarnaka zauritu zituztela kilometro kuadro bateko auzune batean. Kontatu digu Jeninek erresistentzia historia luzea daukala. Era berean, kontatu digu berak zazpi urte zituela ikusi zuela nola soldadu batek M16 fusilaz bere ama kolpatu eta saihetsak apurtu zizkion, bere begien aurrean, eta nola horrelako gertaerek bertako populazio palestinarraren bizitzak markatu dituzten. Komentatu du aurreko intifadak ezagutu ez dituzten belaunaldi berrietako gazteak fakzio politiko tradizionaletatik aparte auto-antolatzen ari direla, eta horrek beldur handia ematen diola indar okupatzaileari, egoerak bere kontroletik ihes egiten diolako. Azaldu du azken egun hauetan Jerusalemen izan diren erresistentzia ekintzak Israelgo errepresioaren menpe hazi diren gazteek burutu dituztela; eta gazte horiek, halaber, errepresio historia luzeak markatutako familietan jaio direla. Salatu du Israelgo administrazioak planteatzen dituen lege erreformak, besteak beste, palestinarren aurkako zigor kolektiboak, neurri desesperatuak direla, izan ere, Israelek egoeraren kontrola galdu du, baina bestetik ez dira kontu berria, palestinarrek hamarkadak baitaramatzate zigor kolektiboak pairatzen, hala nola Nakban milioi bat lagun inguru erbestera bultzatu zituztenekoa.
Azkenik, azpimarratu du Israelgo interesen aurkako boikota bultzatzearen garrantzia, eta Palestinako egoeraz komunikabide alternatiboen bidez informatzearena. Azaldu du, halaber, zentzu horretan, Bartzelonan kanpainia bat bultzatzen ari direla, hango udalak Tel Avivekoarekin dituen senidetza harreman instituzionalak eteteko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da