2023-01-17 12:05

2023ko lehenengo atal honetan Bartzelonatik aritu gara Laurent Cohen Medina gure solaskidearekin. Cohen Junts, Associació Catalana de Jeus i Palestinas elkarteko kidea da eta iragan abenduaren 15ean artikulu interesgarria argitaratu zuen Kataluniako prentsako zenbait hedabidetan. Idazkiak oso izenburu adierazgarria zuen: Judu antisionista eta antirrazista nauzue.
Itzultzaile hau Frantzian jaio zen Egiptoko jatorriko familia judu baten baitan. Bere jardunean azaldu digu zein izan den bere ibilbide pertsonal eta politikoa, eta nola iritzi den judu antisionisten mugimenduan militatzera. Kontatu digu, halaber, nola sortu zen Junts elkartea 2018ko bukaeran "Berun Urtua" sarraskiaren testuinguruan. Orduan, Isralek Gazako populazio zibilaren kontra triskantza odoltsu hura burutu zuen egunetan, komuneko analisi baten inguruan bildu ziren: Palestinako okupazioa kokalekuen kolonialismo estrategia baten emaitza dela, eta Palestinarekiko elkartasuna boikotaren kanpainiaren bidez jorratu behar dela. Azaldu du, gainera, bere elkartea Prou Complicitat amb Israel koalizioaren barruan ere badagoela. Adierazi du judua den aldetik izugarrizko amorrua eragiten diola Israelek erregimen sionistaren aukako pertsona kritikoen kontra "antisemita" izendapena erabiltzeak, haren ustez nazien genozidioaren biktimentzat iraingarria baita. Bestetik, azaldu du bera judu antisionista den bezala, ez dela beharrezkoa judua izatea sionista izateko, eta horren adibidea direla Kataluniako Parlamentuan Israelen aldeko agenda politikoa duten alderdi eskuindarrak, espainolistak zein independentistak.
Bestalde, kontatu digu iragan martxoan Kataluniako Parlamentuko alderdi ezkertiar eta sozialdemokratek Prou Complicitat amb Israel koalizioak bultzatutako mozio bat onartu zutela, Israel apartheid estatua dela adierazteko. Zentzu horretan, azaldu du Israelek Palestinako populazioaren kontra ezarri dituen apartheid legeak hertsiki lotuta daudela erregimen sionistaren esentzia berarekin, eta esentzia hori kokalekuen kolonialismoarena dela. Gauzak horrela, apartheid-legedi sare horrek helburu argi bat dauka, alegia, bertako populazio palestinarra menperatzea. Parlamentuan onartutako mozioaren ondorioz, koalizioak kanpainia berri bat jarri du abian, Bartzelona eta Tel Aviveko udalen arteko senidetze hitzarmena bertan behera gera dadin. Akordio hori Osloko Itunen garaian izenpetu zen eta gaur egun anakronikoa dela uste dute, izan ere, argi eta garbi geratu da itun haiek aspaldi porrot egin zutela. Cohenen aburuz, Israelek giza eskubideak urratzen jarraitzen dituen bitartean, horrelako harreman instituzionalak onartezinak dira.
Beste alde batetik, azaldu du Europa eta Israelen arteko harreman-sarea oso trinkoa dela, eta arlo instituzionaletik harago, beste esparru batzuetara ere hedatzen dela; besteak beste; ikerketa, kultura, inteligentzia militarra eta armagintza alorretara. Salatu du Israelek benetako gerra testuinguruan probatu delako bermearekin saltzen duela bere teknologia militarra, eta bukatzeko adierazi du presionatzen jarraitu behar dugula herreman horiek eten daitezen.


Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da