2022-12-01 09:28

Iragan urriaren 4an Espainiako Diputatuen Kongresuan antisionismoa antisemitismoarekin parekatzen duen Lege Proposamena aurkeztu zen. Aurrera aterako balitz, legeak antisemitismotzat hartuko lituzke Israelgo politika genoziden aurkako edozein kritika edo apartheid erregimenaren aurkako edozein boikot dei. Proposamena gauzatuko balitz, Palestinarekiko elkartasun mugimendua kriminalizatzeko oinarriak ezarriko lituzke espainiar estatuan. Lege ekimen hori aurkeztu izanaren harira, azaroaren 15ean judu antisionisten zenbait erakundetako ordezkariek hitzaldi batean parte hartu zuten Kongresuan bertan, lege egitasmo hori motibatu duen aurreiritzi faltsua desmuntatzeko. Hizlarien artean gure aste honetako solaskideak ere hartu zuen parte: Liliana Cordova Kaczerginskik. Cordova Bigarren Mundu Gerran Lituaniako okuazio nazitik bizirik atera zen familia judu baten baitan sortu zen, eta gaur egun Judu Antisionisten Nazioarteko Sareko (IJAN) militantea da.
Bere jardunean kontatu du lege hau VOX eta PP alderdiek onartu zutela, Madrilgo Batzarrean, eta gerora Kongresura eraman zutela. Kongresuan, berriz, PSOEk lege proposamenak aurrera egitea ahalbidetu zuen aldeko botoarekin. Kritikatu du zenbait alderdi politikoren jokabidea, besteak beste ERC eta EH Bildurena, jarrera argi bat ez hartzeagatik, bozketan parte ez hartzea hobetsi baizuten. Bestalde, azaldu du legea nekez aterako dela aurrera, edo ez behintzat aurkeztu den testuaz; baina onartuko balitz, Israelen aurkako edozein kritikaren kriminalizazioa ekarriko lukeela, eta baita Palestinaren aldeko edozein elkartasun mugimenduren jardunaren zentsura ere. Salatu du, halaber, espainiar estatuan harreman zuzena dagoela eskuin muturraren eta lobby sionistaren artean; eta haiexek direla, hain zuzen, ekimen parlamentario horren atzean daudenak. Bestetik, aldarrikatu du judu antisionisten papera. Haren esanetan, judu antisionistak propaganda sionistaren ahulgunea dira, nekez lepora diezaketelako antisemita izatea, eta salatzen du Israel zilegitasuna kentzeko ahaleginetan dabilela mugimendu hori indargabetzeko. Hala eta guztiz ere, haren ustez, Israelen aurkako jarrera ikusgarri eta irmoa hartzen duten juduak gutxiengoa direla. Azaldu du zein egoera legaletan dagoen Palestinarekiko elkartasun mugimendua beste herrialde batzuetan. Beste alde batetik, adierazi du oso nekagarria dela Palestinarekiko elkartasuna antisemitismoarekin lotzen duen diskurtso sionistaren aurrean beti nork bere burua zuritzen ibili behar izatea. Salatu du, era berean, judu antisionisten ahotsek ez daukatela lekurik prentsa hegemonikoko hedabideetan, espainiar estatuan eskuin muturrari lotutako lobby sionistaren presio gaitasuna oso handia delako. Azkenik, aitortu du, tamalez, Israelgo gizartearen barruan oso gutxi direla erregimenari kontra egiten dioten ahotsak; izan ere; zaila da gizarte kolono baten barruan nork bere pribilegioei kontra egitea; eta gauzak piiihorrela, haren iritziz, ezin da inongo aldaketarik espero Israelgo gizartearen barrutik.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!