2022-05-17 08:43

Maiatzaren 6tik 8rako asteburuan Hapoel Holon saski baloi talde israeldarrak Bilbo bisitatu zuen eta harekin batera 500 jarraitzaile inguruk. Hooliganak ostiral goizetik hasi ziren Alde Zaharreko karriketan zehar kalejira probokatzailean, mugimendu sionistaren banderak erakutsiz, zalaparta ateraz eta jarrera mehatxagarrian. Nolanahi ere, han-hemenka jarritako hamaika pankarta eta pintaketek erakutsi zieten bisitariei ez zirela ongi etorriak. Hurrengo orduetan bisitari gogaikarrien aurkako protestaldiak antolatu ziren eta auzoko taberna eta establezimendu askok Palestinako banderak paratu zituzten atarietan sionisten aurkako gaitzespena adierazteko. Tentsio momenturik gorenenak igandean izan ziren, hooliganak baimenik gabeko manifestazioan Alde Zaharrera abitatu zirenean. Segizioa bandera palestinarrak zeramatzaten auzokideak erasotu eta bidean topatzen zuena birrintzen hasi zen. Bereziki, atean Palestinako bandera eskegita zuen Amets tabernarekin tematu ziren, hango altzariak jaurti eta establezimenduko zein inguruko atarietako kristalak txikitu egin zituzten. Suntsipen festa horren emaitza: bi atxilotu, baina ez erasotzaileen artean, auzoa defendatzen ari ziren herritarren artean baizik.
Gertaera horiek analizateko Bizkaiko BDZ taldeko kide bat izan dugu solaskide aste honetako atalean, Shaila. Ekintzaileak, eraso faxista horien lekuko zuzena izanik, gertaeren kontaketa egin digu. Bere jardunean hausnartu du sionistak kolonizazio-kode batzuen arabera aurkezten direla munduan, supremazismo eta arrazakerian oinarrituak; eta salatu du erakutsi zuten dohainiko bortizkeria horren aurrean poliziaren presentzia hutsaren hurrengoa izan zela, eta agertu direnean erasotzaileak babesteko izan dela. Kritikatu du poliziak eta Bilboko Udalak legitimatu egin dituztela eraso horien egileak eta hori ere auzokideen aurkako bortizkeria mota bat izan dela. Bere esanetan, normalizatutako harreman bat dago EAJ, euskal polizia eta Israelgo irudiaren zuriketarako estrategiaren artean, beraz ez da harritzekoa Bilboko erasoak inpunitate osoz gertatu izana.
Bestalde, erasoak eta administrazioaren utzikeria salatzeko prentsa agerraldia burutu dute eta bertan iragarri dute kaltetuei eta atxilotuei laguntzeko erresistentzia kutxa bat antolatu dutela, Udalaren partetik ez baitute inongo laguntzarik jaso.
Azkenik, ondorioztatu du gertaera horiek mahai gainean jarri dutela Israelgo bortizkeria; eta gizarte mugimenduaren erantzuteko, antolatzeko eta elkar zaintzeko gaitasuna erakutsi dutela.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da