2021-04-27 10:46

Aste honetako atala gertaera lazgarri batek baldintzatu du, ezinbestean. Izan ere, duela bi aste Israelgo erregimeneko indar armatuek Juani Rishmawi bahitu zuten, giza eskubideen aldeko ekintzailea eta Hala Bedi Irratiak Palestinan duen kolaboratzailea. Rishmawi iragan apirilaren 13ko goizaldean eraman zuten atxilo leporatzen dizkioten balizko karguak ezagutu gabe. 20 soldadutik gora bere etxebizitzan sartu ziren, Belengo eskualdeko Beith Sahour herrian, eta gatibu eraman zuten. Bere jarduera profesionala Health Work Committees erakundean jorratu du azken 35 urteotan. Erakunde palestinar hori komunitatearen ongizate sanitario eta soziala artatzeaz arduratzen da eta iragan martxoaren 8an, hain zuzen, Israelgo armadaren segada pairatu zuen. Orduan, Ramallahn duten egoitza erasotu eta bi lankide atxilotu zituen okupazio armadak.
Juani Rishmawiren profil pertsonal, profesional eta politikora gerturatzeko Lidon Soriano izan dugu solaskide gure mikrofonootan. Soriano ekintzailea eta Komite Internazionalistetako brigadetako koordinatzailea da Palestinan. Bere jardunean atxiloketaren gorabeheren eta gure kolaboratzailearen egungo egoeraren berri eman digu. Salatu du Rishmawi bahituz Israelek beste buelta bat eman diola azkoinari, bere helburuen profil politikoa jaitsi eta erakunde humanitarioetako langileak jazartzen hasi baitira. Gainera, osasun arloko langileak atxilotzeak berebiziko ankerkeria erakusten du, bere esanetan, mundu mailako larrialdi sanitario egoera baten erdian gaudelako. Bestalde, Rishmawi atxilotu zutenetik abian jarri den elkartasun kanpainiaren berri ere eman digu.
Jarraian, HWCren egoitzaren aurkako ondorengo egunetan eta atxilotua izan baino egun batzuk lehenago Juani Rishmawirekin izan genuen solasaldi esanguratsua berreskuratu dugu. Elkarrizketa hartan salatu zuen bere erakundeak eta beste hainbat erakunde palestinarrek pairatzen duten jazarpena. Izan ere, indar okupatzailearen autoritatea eta Osloko Akordioen ondorengo estatusa onartzen ez duten erakunde humanitario eta sozialak okupazio erregimenaren jomugan daude. Eta jazarpen hori Palestinako populazioaren aurkako garbiketa etniko kanpainia baten testuinguruan kokatzen zuen, izan ere, Isarelgo erregimenak populazio palestinarraz gain, elakarte-mugimendu edo mugimendu palestinar antolatuaren edozein arrasto desagertarazi nahi du.
Juani Rishmawiren askatasuna aldarrikatzeko manifestuarekin bat egin nahi izanez gero, bidal itzazue zuen atxkimenduak, pertsonalak zein kolektiboak, helbide honetara: libertadjuani@protonmail.com

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da