2021-02-19 10:32

Iragan otsailaren 4an Nazioarteko Zigor Auzitegiak (NZA) ebazpen bat kaleratu zuen zeinean Palestina erakundeko estatu kidetzat onartu zuen. Ebazpen horren bidez auzitegiak bere eskumena aldarrikatu du Israelek Palestinan burututako krimenak epaitzeko. Ebazpen hau baloratzeko David Bondia izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Bondia Zuzenbidean Doktorea da, Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Nazioarteko Harremanetako Irakaslea Bartzelonako Unibertsitatean, eta Kataluniako Giza Eskubideen Institutuko Presidentea. Bere jardunean azaldu dizkigu Palestinak Nazio Batuen Erakundean duen ordezkaritzak justizia arloan lortutako aurrerapenak. Azpimarratu du NZAren ebazpen berri honek atea ireki duela Zisjordanian, Gazan eta Jerusalem Ekialdean burututako krimenak ikertzeko; baina seguru asko prozedura horiek AEBetako eta Israelen betoaren kontra egingo dutela talka; izan ere, bi herrialde horiek ez dute onartzen nazioarteko auzitegi horren zilegitasuna. Azaldu du, halaber, NZAren jurisdikzioa onartzen duten herrialdeetan egoitza duten pertsona fisiko eta juridikoen jokaera deliktiboak ere epaitu ahal izango direla. Nolanahi ere, zaila ikusten du kasu hori CAF euskal enpresari aplikatu ahal izatea, eta uste du kasu horretan estrategia erantzunkizunak barne mailan zuritzera bideratu beharko litzatekeela; enpresaren erantzunkizuna, okupazioari etekin ekonomikoa ateratzen ari zaiolako; eta erakunde publikoena, enpresari babesa ematen diolako. Zentzu horretan, salatu du espainiar estatuan ezin direla epaitu gizateriaren aurkako krimenak jurisdikzio unibertsalaren arabera, izan ere, 2009an PSOEk eta PPk arlo horretako eskumenak indargabetu egin zituzten. Bestetik, baloratu du Valentziako Probintzia Auzitegiaren ebazpena. Auzitegi horrek artxibatu egin du BDZ taldeko zortzi ekintzaileren aurkako auzia eta ebatzi du Israelen aurkako biokot kanpainia adierazpen askatasun eskubidearen babesean dagoela; eta Bondiak aurrekari garrantzitsutzat hartu du ebazpen hori.
Beste aldetik, Bilboko BDZ taldeko Peiorekin ere solastu gara. Ekintzaileak Bilboko tranbian burutu zuten protesta ekintzaren berri eman digu. Ekimen horren bidez Jerusalemeko apartheid tranbia zer den ikustarazi eta Gipuzkoako CAF enpresa proiektu ilegal horretatik erretira dadin aldarrikatu nahi izan dute.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da