2020-12-21 17:18

Aste honetako atalean, eta gabon garaiaren atarian gaudela probestuz, Palestinako Bethlehem hiriak egunotan bizi duen egoerara hurbildu nahi izan dugu. Izan ere, erlijio kristauaren sorlekua bertan kokatzen duen kontakizun mistikoari jarraituz, garai honetan ehundaka erromes eta turista iristen dira hiri palestinarrera.
Fenomeno hau aztertzeko Maria Landi ekintzailea izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Bere jardunean "Palestina en el corazón" blogeko egileak azaldu digu, aurtengo egoera salbuespenezkoa bada ere, ehudaka erromes joan ohi direla Bethlehemera gabonetan, eta horrek motore garrantzitsua izan beharko lukeela eskualdeko ekonomiarako. Baina, aldi berean, salatu du turismo erlijiosoaren negozioa, Palestinako ekonomia guztia bezala, Israelek kontrolatzen duela; eta gainera, zirkuito turistikoak bere kontakizun historikoa sustatzeko baliatzen dituela, lur hori okupatzeko duen eskubidea justifikatzen duen kontakizuna, alegia. Bestalde, azaldu du komunitate palestinar kristaua ibilbide turistiko alternatiboak sortzeko antolatzen ari dela; turismo erlijiosoaren sektoreari ere Palestinako okupazioaren errealitatea erakusteko. Azkenik, azpimarratu du Palestinara bidaiatzearen garrantzia, okupazioaren errealitatearen testigantza emateko. Baina, nabarmendu du hara bidaiatzekotan, sare etikoen bitartez egin behar dela, palestinarrekin elkar biziz, eta bertako ekonomia sustatuz.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da