2020-10-06 17:16

Aste honetako atalean Eugenio Garcia Gascon kazetari eta idazlea izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Garcia Gascon 1991tik bizi da Jerusalemen, Publico egunkariko korrespontsala da bertan, eta gainera zeinbait liburu argitaratu ditu; besteak beste; Israel en la encrucijada. Crónicas de un sueño imperfecto (2004) eta La cárcel identitaria. Dietario de Jerusalén (2013). Bere kontakizunean azaldu digu 91 urtean Palestinara joan zenean benetan sinisten zuela bakea berehalako kontua izango zela, baina hogeita hamar urte geroago aurkitu zuena baino egoera okerragoan utzi duela herrialdea. Aitortu du bere ibilbide profesionalean neutrala izan dela, baina Palestinan bizi den injustizia egoera larriaren aurrean kazetari bat ezin dela ekidistante gelditu. Kontatu dizkigu, halaber, bere lan ibilbidean pairatu dituen presioak. Esaterako, behin Israelek Madrilen duen enbaxadorea Diario 16 kazetako erredaziora agertu zen Garcia Gasconek idatzitako erreportai baten inguruko bere sumina agertzera. Bestalde, salatu du 90ko hamarkadan espainiar estatuko hogei korrespontsaletik gora zeudela Palestinan eta gaur egun nekez pasatzen direla lautik. Horrek erakusten du, batetik, Palestinako afera ez dela espainiar prentsako interesekoa; eta bestetik, kazetari lanbidea izugarri prekarizatu dela. Haren ustez, inportantea da kazetari gazteak Ekialde Hurbileko informazioan espezializatzea.
Gainera, gaur egungo testuinguru politikoaren analisia ere egin du; eta kritikatu du Palestinako okupazioaren konponbidea, nahitaez, kanpotik inposatua etorri behar dela, palestinarrek ezin dutelako gatazka konpondu eta israeldarrek ez dutelako nahi.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da