2020-06-05 10:24

Datorren ekainaren 13an CAF enpresak urteroko akziodunen batzar nagusia egingo du eta bertan gai mamitsu bat izango dute gai ordenean: Konpainiak, Shapir enpresa israeldarrarekin batera, Jerusalemgo tranbiaren bigarren linea eraikitzeko burutuko duen proiektu ilegala. Hori dela eta, aurreko asteotan afera honetan zer esana duten nazioarteko adituen testigantzak jaso ditugu Uhintifadako mikrofonootan. Aste honetako atalean, berriz, Goierrira bertara jo nahi izan dugu, proiektu polemiko horren inguruan zer giro dagoen aztertzeko. Horretarako, Axier Alvarez de Eulate Mujika ekintzaile ordiziarra izan dugu solaskide. Alvarez de Eulate BDZ mugimenduko kidea da eta CAFi proiektutik erretiratzeko galdegiten dion kanpainakoa. Bere jardunean azaldu du trengintza konpainiak eragin handia daukala Goierriko gizartean, eta salatu du ez dela erraza Jerusalemgo proiektuaren ilegaltasunaren berri gizarteratzea; CAFek, bere irudia zuritu nahi duenean, bere mesedera dituelako hedabide ofizialak eta horiexen bertsioa delako gizartearen zati handi batera iristen den bakarra. Testu inguru horretan, txalotu du enpresako langilen jarrera, zuzendaritzari proiektutik erretiratzeko eskaera helarazi ziotelako, eta ohartarazi du ez dela erraza konpainiari lan zama ekar diezaiokeen kontratua kolokan jartzea krisialdi garaian. Halaber, gogoratu du Euskal Herriko gehiengo sindikalak BDZ kanpainarekin bat egin duela eta langileen adierazpena jarrera horrekin koherentea dela.
Bestalde, lotu du ekainaren 13ko akziodunen batzarra Palestinako testuinguru politikoarekin, izan ere, Israelgo administrazioak iragarri berri du uztailaren 1etik aurrera Zisjordaniako anexioari ekingo diola, eta trenbidea bezalako azpiegiturak anexio-estrategia horren baitan daude. Haren esanetan, hauxe da momentua barrenak astintzeko, enpresaren barruan, langileen artean eta baita Goierriko gizartean ere. Horretarako, CAF Jerusalemgo proiektutik erretiratzeko manifestuaren sinatzaileek kanpainia bat jarri dute abian hemendik akziodunen batzarrera. Ohartarazi du, nolabait, presente egongo direla batzarrean. Halaber, kanpainia bat jarri dute martxan sare sozialetan enpresari e-mailak eta telefono deiak modu masiboan helarazteko. Ekintza horietarako, BDS movement webgunean jarri dituzte argibideak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da