2019-09-30 10:55

Aste honetako atalean "Yallah! Yallah!" filma aurkeztu dugu Uhintifadako mikrofonootan. Palestina eta Argentinaren artean elkarlanean ekoiztutako pelikulak polemika piztu zuen iragan asteotan Austrian zentsuratu egin baitzuten. Geroztik, astetan ibili da Europan zehar biraka, eta azkenik, Euskal herrian izango dugu ikusgai; Gasteizen irailaren 30ean, Donostian urriaren 1ean, eta Bilbon urriaren 2an. Filmak futbolari lotutako zazpi pertsonen istorioak biltzen ditu, euren eguneroko bizipenak, euren harremanak eta elkarbizitzak; eta euren borroka Israelgo okupazioaren jazarpenari aurre egiteko.

Filmaren berri emateko Cristian Pirovano izan dugu solaskide Uhintofadako mikrofonootan, kazetaritza-argazkilaria eta pelikularen zuzendarietako bat. Pirovanok kontatu dizkigu palestinarrek, okupazioaren menpe, futbolera dedikatzeko pairatzen dituzten zailtasunak; eguneroko bizitzako beste edozein jarduera burutzeko bezala. Azaldu ditu, bereziki, Palestinako selekzioko jokalariek pairatzen dituzten oztopoak, izan ere, horietako asko, Palestinako selekzioko kideak izanagatik, ez dira sekula egon Palestinan. Azaldu du filmaketa prozesuan euren larrutan pairatu dituztela okupazioaren menpe lan egiteak dakartzan zailtasunak. Eta salatu du filma zabaltzeko orduan pairatu duten zentsura eta jazarpena, izan ere, arazotsua izan ohi da beti Palestinako herriak bizi duen errealitatea erakustea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da