2019-03-26 10:10

Datorren apirilaren 9an Israelen hauteskundeak egingo dituzte Knesset, parlamentua, osatzeko; eta testuinguru horretan areagotu egiten dira diskurtso arrazista eta baztertzaileak palestinarren kontra; izan ere; Israelgo gobernurako hautagaiek badakite muturreko jarrera horiek emaitza onak ematen dizkietela hauteskundeetan. Egoera hau aztertzeko Eugenio Garcia Gascon kazetariarekin solastu gara Uhintifadako mikrofonootan. Gascon Publico egunkariko korrespontsala da eta 1991etik Mendebaldeko Jerusalemen bizi eta lan egiten du, handik argitaratzen ditu bere artikuluak Balagán blogean. Besteak beste, honako liburuak ere argitaratu ditu, "Israel en la encrucijada. Crónicas de un sueño imperfecto (2004)" eta "La cárcel identitaria. Dietario de Jerusalén (2013)". Bere jardunean azaldu du Israelen bizi diren ez-juduen bazterkeria hauteskunde garaian baliatzen badute ere, eguneroko errealitatea dela, eta halaxe egiaztatzen dutela duela gutxi onartutako Nazio-Estatuaren Legeak eta beste 60tik gorako lege arrazistak. Adierazi du, zantzu guztien arabera, datozen hauteskundeetatik ateratzen den parlamentuan eskuinak eta ultra-eskuinak izango dutela gehiengoa, eta gobernua osatzeko pisu handia izango duela ordura arte ilegalizatutako eskuin muturreko zenbait alderdik. Horrek, haren esanetan, erakusten du herrialdea erradikalizatzen ari dela. Izan ere, baieztatu du Israelen ez dagoela apenas ezkerreko alderdirik. Bestalde, ohartarazi du, elkarrizketa grabatu ondorengo orduetan gertatu den bezala, arriskua zegoela Gazako zerrendaren aurkako eraso bat buru dezaten, izan ere, beste hauteskundeetako atarietan ere halaxe gertatu baita. Halaber, salatu du testuinguru horretan AEBen administrazioa iragarri duela Israelen soberania onartzen duela Golalngo gailurren gainean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da