2020-09-29 13:33

Film baten proiekzioa, mobilizazio bat iragartzeko prentsaurrekoa, liburu berria aurkeztu nahi duen argitaletxea, hitzaldia eskaintzen bere esperientzia partekatu nahi duen herrialde urruneko laguna, biltzeko leku bat behar duten langile prekarioak, kuku bat egin eta liburu bat erosteko hurbiltzen den norbait, kide internazionalista eta solidarioen etengabeko joan-etorria, tailer feminista bat, eztabaida bat garatu nahi duen talde berri bat, batzar amaigabeak, Bilboko mugimenduek euren bidea egiten jarraitu ahal izateko abenduko azoka... batzuek eta besteok ondu ditugun ideiak bor-borka dabiltzan eltzea. Dena eraldatzeko ideiak. Guzti hori egiten da hemen, 2013tik Zirika! Herri Gunea deitzen den txoko honetan. Espazio herrikoia, irudimen politikorako tresna-kutxa.

Dagoeneko 7 urte baino gehiago dira espazio honen kudeaketa bokazio irekiarekin gure gain hartu genuela. Ez genuen gure kezka partikularrentzako txoko bat bilatzen, handinahiagoak izan nahi genuen: hiri hau eta gure gizartea pizten lagunduko zuten gauzak etengabe gertatuko ziren leku bat imajinatzen genuen. Eta hein handi batean, lortu dugula uste dugu. Urte hauetan, mugimendu, ekimen eta eragile sozial, politiko eta kulturalen zerrenda luzeak Zirika! Herri gunea eskura izan eta bere egin dute. Ehunka pertsonek parte hartu eta gozatu dute jarduerez.

Hiru hilabete baino gehiagoz lokala itxita egon ondoren, pertsiana berriro igotzea lortu dugu. Ilusioz beteta, aurrez aurreko batzarretara itzuli gara, pixkanaka, egutegia jardueraz betetzen ari da, liburu eta material berriak jasotzen ari gara... Berriz ere hemen elkartzen ari gara, Zirikan! Gogotsu eta kementsu gaude, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu, beti bezala, zuei, proiektu hau babesten jarraitzen duzuen guztioi.

Hala ere, batzuek ondo dakizuenez, Aste Nagusiko urteko diru-sarrerarik gabe, nolabaiteko egonkortasunarekin mantentzea eta proiektu honi jarraipena ematea, gutxienez beste urtebetez, zaila egiten zaigu, eta horrek kezkatu egiten gaitu. Horregatik gaude gaur  hemen, berriz ere, zuek gabe ezinezkoa delako aurrera jarraitzea, eta datozen asteak funtsezkoak izango direlako proiektu honek bizirauteko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da