2022-06-28 10:32

Euskal Herrian azken hamarkadan aldaketa ugari bizitzea tokatzen ari zaigu. ETAren amaieratik hasi, EH Bildu eta EH Bai-ren sorkuntzatik pasa eta horien ezkerretara kokatzen diren antolakunde berrien loratze oparora. Hau ez da Monty Piython kolektiboaren obra berria, lagunok. Hau Kimua da, iraultzaren geografian inork ibiliak ez dituen bide, haran eta mendi tontorrak ibiltzeko asmotan sortu berri dugun lerro ideologikoa. Oraindik ere eszenatoki politikoan jarduteko modu berri bati ekiteko abagunea egon daitekeela uste dugunetakoak gara, eta hor kokatzen dugu sortu nahiko genukeen paradigma iraultzaile berria. Oraingoz, hasiak gara paradigma orok dituen hiru esparruak eraikitzen: errealitatearen ulerkera, taktika eta estrategia barnebiltzen dituen teoria politikoa eta baita etika propioa eta horren arabera diseinatutako antolakuntza eredua ere. Gure web orrian (www.kimua.eus) aurkitu daitekeen liburuan xehetasun gehiago topatuko dituzue, baita gure twitter kontuan ere: @KimuaParadigma.

Lehenik eta behin zera esan nahi dugu: ez gatoz soluzioekin. Akaso gure papera, lehenik eta behin, denetariko auziak problematizatzea delako. Arazoei begiratzeko moduen arabera bistaratzen baitira aterabide berriak. Iraultza eta erreformaren arteko erlazioari dagokionez, adibidez; gauza bat baita iraultzaren logikan ematen den erreforma, eta bestea iraultza ordezkatzen duen erreformismoa. Horrek lagunduko digu Estatuaren ulerkeran sakondu eta berau gainditua izateko bete beharko lukeen funtzio estrategikoa berrikusten, besteak beste. Edo antolakuntza politikoaren baitan horizontaltasuna eta bertikaltasunaren arteko balantzaz, ez gaitezen gu izan dominazioa gainditu nahian dominazio forma berriak sortuko dituztenak, XX. mendeko Estatu Sozialista deiturikoetan horrenbeste ikusitako fenomenoa. Norbanakoa eta kolektiboaren arteko  harremanak ere birpentsatzera gatoz, sozialismoa sozializazioaren baitako kontzientzia eta botere-hartze kolektiboa izanik, pertsona-subjektuak eta beraiek sorturiko instituzioak ulertzeko historikoki ezker iraultzaileak mespretxatu dituen kategoriak geureganatzeak indartu egiten gaituela uste dugulako: emozioak, inkontzientea, alienazio psikologikoa, egoa… hortik pertsonalitateak izaera naturalik ez duela ondorioztatzea, gorputza kontraesanen bidez garatzen dela ulertzea eta bere gaineko lanketa indibidual eta kolektiboa egiteko erremintak politikan txertatzeko beharra. Azken horrekin erlazionatuta dagoen ikusmolde zientifiko burgesak sustatutako munduaren ikuspegi positibistari eta subjektua eta objektuaren arteko banaketari ere jarriko diogu begirada, langile mugimenduak ere, zoritxarrez, hortik anitz edan baitu. Adierazpen politiko ezberdinen arteko batasuna eta banaketa, aniztasuna eta homogeneizazioaren harira ere izango dugu zer esanik, ez dadila morborik falta. Eta azkenik, guretzako zentralitatea daukan gakoa: patriarkatuaren pisu historikoa eta gaurkotasuna. Ezinbestekotzat jotzen dugu, sozialismoa emakumeon askapenarekin egikarituko dela ulertuz, emakumeok abangoardiaren lehen lerrorako saltoa ematea. Gainera, despatriarkalizazio prozesuarekin aurrera eginez, ideologia dominatzailearen parte diren maskulinitatearen zenbait adierazpenekin amaitu nahi dugu.  

Bizitza Askea dugu helburu, biolentziazko klase-harreman ezberdinen gaindipena; sozialismoa oinarrizko printzipio gisa ulertzen dugu, auto-antolakuntza eta komunitatearen eraikuntzarako tresna bezala; gure proposamen politikoari Euskal Herriko Komunen Sistema deitu diogu, askapen prozesua mundu mailakoa izan behar dela ulertzen dugun arren; abertzaletasuna paseatzera aterako dugu, aspaldi aire freskoa hartu gabe baitabil. Gurea ekarpen bezala ulertzen dugu, bestelako eragileekin izango ditugun aurkakotasun eta laguntasun erlazioetan sortuko den sintesia guk irudikatzen dugunarekiko ezberdina izango denez gero, eta gainera, ez baikara inolako formula magikoen jabe, ibilian soilik antzeman dezakegulako zeintzuk diren emantzipazioaren bideak. Eta, amaitzeko, nola ez, zuen kritikak maitasun osoz jasotzera ere bagatoz.

Euskal Herrian paradigma iraultzaile berri bat sortzeko eta zabaltzeko asmoz sortu dugu Kimua ekimena.