2019-02-13 12:01

Astearteko udalbatzan “eztabaidatu” –elkarri entzun gabeko ohiko monologoa izan zen– zuten Kalea Guztiona Daren mozioa. Kaleko zentsuraren gaia konpontzeko egiazko parte-hartze prozesu bat abiatzea zen puntu nagusia. Herritarrei ahotsa kentzearen alde bozkatu zuten EAJko bost zinegotziek eta PSE-EE-koak, EH Bilduko sei zinegotziek parte-hartzea babestu zuten eta Jon Iraola abstenitu egin zen. Berdinketa beraz, baina alkatearen iritziak bikoitza balio duenez inorekin hitz egin eta adostu gabeko debekuek indarrean jarraituko dute hauteskundeak izan arte.

Otsailaren 22an hiru urte beteko dira, alkateak inorekin hitz egin edo adostu gabe, Zumaiako espazio publikoan ezarritako debeku eta kontrol neurriak indarrean direnetik. Data hori baliatuz udalbatzara eraman ditugu orain hiru urte Kalea Guztiona Da-ren sorrera eragin zuten oinarriak: debekuek arazoa ez dute konpontzen, larriagotu baizik eta konponbidea herritarrei eta herriko taldeei hitza eta erabakia ematea dela.

Alkateak bere zilborrari begirako ariketa bat eginez, batzuetan alderdikeriaz eta bestetan zuzenean gezurra erabiliz, diskurtso oldarkor batean hiru urte hauetan bere jarrera onena izan dela berretsi zuen udalbatzan, herritarrei hitza zergatik ukatuko dieten “azaldu” nahian. Eta berriz hauteskundeak irabaziz gero, gai honi dagokion bere asmoaren berri eman zuen: alkateari baimenik eskatu gabe kalea erabiltzen dutenen aurkako isun zerrenda bat onartzea, Mozal Ordenantza, alegia.

Beraz, tamalez, Zumaian dugun errezeta eskuin autoritarioak gai honen inguruan mundu zabalean erabilitako berdina da: “Herriarentzat onena dena da nik eta nire lagunek erabakitzen duguna. Ni naizelako alkatea. Ni, eta zuek ez”.

Kalea Guztiona Daren iritziak, orain dela hiru urte sortu ginenean eta orain berdina izaten jarraitzen du. Adierazpen askatasunaren mugak zeintzuk diren ezin du politikari batek erabaki bere bulegoan, eta are gutxiago eskaintzen duen konponbide bakarra baldin bada “berari baimena eskatzea” zer den onargarria eta zer ez erabakitzeko. Gai hau oso zaharra da, ertz asko dauka, eta, oinarrizko eskubideak tartean dauden gai guztietan bezelaxe, ahalik eta parte-hartzerik handiena bermatzea da garrantzitsuena.

Zumaiako alkateak kartela, pankarta, eta muralei ezarritako debekuak indargabetzeko sortu gara, herriko 33 sindikatu eta talderen babesarekin. Irudimena, kritika eta sorkuntza dira gure armak.