ARGIA.eus

2019ko abenduaren 14a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Zumaiako alkateak kartela, pankarta, eta muralei ezarritako debekuak indargabetzeko sortu gara, herriko 33 sindikatu eta talderen babesarekin. Irudimena, kritika eta sorkuntza dira gure armak.
2019-09-01 00:10
3 urte, 98 mural, 97 zentsura eta 11 bizipen. Bi mundu-ikuskeraren arteko talka pareta batean: boterearen debekuak ala herritarren ekina.

Adierazpen Askatasunaren Txokoari ongi etorria eman diogu, ohi legez, jai giroan. Aurreko udal gobernuak zentsuratu ezin izan zuen azken murala 'Keixeta'-ren zeramikazko pieza batekin atondu dugu, Dj Saldaren musikaz eta dozenaka lagunen beroaz girotuta.

Hiru urte adierazpen askatasunaren alde ekinean, sorkuntza, kritika eta kultura lagun. Zentsura marroiari koloreak atera dizkiogu. Irribarrea inoiz galdu gabe, espazio publikoaren erabilerari buruzko galdera berriak plazaratzen saiatu gara. Erantzunak, zumaiarren eta Zumaiako taldeen esku utziz.

Garai berriak datoz. Eta haiekin batera zentsura eta debekuak ere bai. Eta ere garrantzitsuagoa dena: gai honetan herritarrei hitza eta erabakia emateko prestutasun argia dago, gobernu berriko kideek aurrez aurre adierazi digutenez. Hau da, Kalea Guztiona Daren sorreratik eta gaur egunera arte gure bi aldarrikapen nagusiek bidea aurkitu dute: debekuen gainetik herritarren parte-hartzea.

Adierazpen Askatasunaren Txokoak balio dezala ez ahazteko debekuek eta zentsurak ez dutela inoiz konpondu(ko) adierazpen askatasunaren mugen inguruko eztabaida zaharra.

Milesker hiru urte luze hauetan era batera edo bestera lagundu duzuen dozenaka lagunei. Luze joko luke denak zerrendatzea, baina jaso ezazue besarkada eta muxu estu bana. Onenak zarete.

Gure lana oraindik ez da bukatu. Parte-hartze prozesua abiarazi, sustatu eta elikatzeko prestu izango gara.

Jarraituko dugu. Zurea, gurea, guztiona den kalean. Non bestela.

Argazki bilduma hemen ikusgai.