2021-07-30 19:59

Beste urte batez igaro zaigu uztailaren 14a, eta aspaldiko partez ez da Euskal Herriaren asimilaziorako eguna izan. Hain zuzen, aurten manifestazio bat iragan da Donibane Lohizunen « asimilaziotik erresistentziara independentzia » lelopean. Bertara gerturatutako ehunka aberkideek frantses nazio eguna ukatu eta gure herriaren defentsa hartu dute.

Manifestazioaren arrakasta, izan den erreakzio uholdearekin neurtu daiteke, inor gutxi gelditu baita mutu manifestazioa burutu eta. Askotariko erreakzioak izan dira, gehienak haserre, frantziar estatuak inposatzen digun zapalkuntza egoeraren aurka altxatu baikira. Frantses zapalkuntzaren lehen babeslea manifestazioaren momentuan bertan ikusi ahal izan genuen. Manifestariak herriko etxeko sarreran banderola bat jartzen ari zirela agertu zen Jean-François Irigoyen Donibane Lohizuneko auzapeza, goizean beste politikariez inguraturik frantses banderaz beteriko oroitarrian omenaldi batean parte hartu ondoren. Bortizkeriaz banderola kendu eta manifestarien aurka oldartu zen. Manifestariek aurre egin eta alde egin zuen. Hortik gutxira, auzapez guziek jantzi ohi duten frantses koloreko gerrikoa soinean eta oraingoan txakurren babespean berriz oldartu zitzaien manifestariei, ahotik alkohol usaina zeriola. Bukatzeko, herriko etxera itzuli aurretik Frantziak Euskal Herriarekiko duen mespretxua irudikatu nahian edo keinu itsusi bat egin zien manifestariei.

Irigoyenek, beste askok bezala, frantsesa zela eta frantses errepublika defendatzen zuela aldarrikatzen zuen. Manifestazioak beraz, bi gauza utzi ditu agerian : Lehena, azkenean, guk gure nazioa defendatzeaz aparte, frantsesek beraiena arriskuan ikusi eta frantses nazioa defendatu behar izan dutela. Eta bigarrena, bakoitzak argi utzi behar izan duela noren alde kokatzen den. Zentzu horretan, Euskal Herrian bizi diren hamarnaka politikari frantsesek, eta haien alderdiek beraien babesa adierazi zioten, eta horrekin batera bere jarrera bortitza eta deskontrolatua. Jean René Etchegaray bakegilea izan zen frantziaren menpe den Hirigune elkargoan babesa adierazi zion azkena.

Manifestazioari esker ere ikusi ahal izan dugu bakea hainbeste defendatzen duten ta bortizkeria hainbeste gaitzesten duten horiek begiak ixten ahal dituztela bortizkeria hori beraien aldetik etortzen denean. Eta hori izan da preseski haien defentsa lerroa : manifestarien bortizkeria.

Baina ez al da bortizkeria egunero egunero gure nortasuna eta naziotasuna ukatzea beste bat inposatuz ? Ez al da bortizkeria gure ama hizkuntza desagerrarazi nahi izatea, egunerokoan zapaltzea eta euskaraz mintzatzeko milaka oztopo jartzea ? Ez al da bortizkeria gure senide eta herrikide maiteak urte luzeetan zehar eta etxetik urrun bahituak ukaitea ? Ez al da bortizkeria gure lurrak turismora bideratzea, frantsesak etxebizitzak erostera bultzatu eta gu kanpora joatera kondenatuz ? Ez al da bortizkeria gure kultura folklorera kondenatzea turisten gozamen soilerako merkantzia bat bailitzan? Ez al da bortizkeria gure herria goitik behera armatutako kolore desberdinetako indar okupatzailez josia izatea ? Ez al da bortizkeria Lapurdi eta Gipuzkoaren artean igarotzea debekatzea ? Ez al da bortizkeria bizitza osoan lan egitera kondenatuak izatea eta guk ekoizitako aberastasunak aberatsenen esku gelditzea ?

Etsaiek gure kontra baliatzen duten bortizkeria, egokienak iruditzen zaizkigun tresnekin aurre egitea guztiz zilegia da, eta ez zaio botizkeria deitzen, herrien autodefentsa eskubidea baizik.

Gora herri zapalduon autodefentsa !

Uztailak 14 borroka eguna !

Jalgi Urruña